Xarnegu ikastolak ateak zabaldu ditu Bardozen

Ipar Euskal Herriko 38. ikastola da eta lau dira oraingoz izena emandako haurrak

07.09.2021 | 00:41
Maider Behoteguy, Stéphanie Chabay eta Peio Jorajuria Xarnegu ikastolako prentsaurrekoan.

donostia – Seaskak hasiera eman zion atzo ikasturte berri bati, eta ez edonola. Lapurdiko Xarnegu eskualdeko haurrentzat Xarnegu ikastola inauguratu zuten Bardozen. Orain arte, bertako umeek herritik kanpora joan behar izaten zuten ikasketak euskaraz egin ahal izateko, baina guraso talde baten bultzadaz eta Seaskaren laguntzaz, Bardozeko Udalak ikastola berri bat sortzeko proiektua aurrera eramateko argi berdea eman zuen iaz. Ikasturte honetan, lau haur arituko dira bertan ikasten.

Seaskak ikasturte hasierako pren-tsaurrekoa eskaini zuen atzo Xarnegu ikastolan bertan eta Peio Jorajuria Seaskako lehendakariaz gain, bertan izan ziren Stéphanie Chabay, Xarnegu ikastolako lehendakaria, eta Maider Behoteguy, Bardozeko alkatea ere.

"Euskara etxean, kalean, eskolan eta lanean nahi dugulako, ezinbestekoa da ikastolak etxetik hurbil, herritarrengandik hurbil izan daitezen, eskura dagoen egiazko hautu bat izan dadin. Beraz, gure aldetik Bardozeko gurasoak eskertu behar ditugu, haien ahaleginari esker, euskara biziaraziko baitugu eskualde honetan ere", adierazi zuen Jorajuriak.

Nahiz eta azken urteotan jaiotze tasa txikituz joan, Seaskako lehendakariaren arabera, Iparraldean ikastolek gero eta ikasle gehiago dituzte. Ostegunean 4.064 ikaslek hasi zituzten klaseak, haur hezkuntzatik lizeoraino, iaz baino 43 gehiagok. Datozen egun eta asteetan bi urteko 60 haur hasiko dira eta guztira, Iparraldeko ikastolek 4.100 ikasle baino gehiago bilduko dituzte ikasturte honetan. Horrez gain, nabarmen-tzekoa da Senpereko ikastolak inoiz baino ikasle gehiago dituela. Aurten hamahiruk eman dute izena eta orotara 117 ikasle dituzte bertan.

murgiltze eredua kolokan Aurreko ikasturtean Molac legea murgiltze ereduaren aurka agertu bazen ere, Jorajuriak ikastolen lorpen bat nabarmendu zuen. "Hiru eskola elebidunetan haur hezkuntzan klaseak osorik euskaraz egiteko borroka azpimarratu behar dugu. Iaz Hiriburun lortu genuen bezala, aurten Ortzaize, Idauze-Mendi eta Aiherran lortu dugu", adierazi zuen.

Hala ere, ikastolen patua zein den ez dago argi. Frantziako lehen Ministroarekin uztailean elkartu behar ziren Seaskako kideak murgiltze ereduari buruz hitz egiteko, baina oraindik ez dute haren berririk izan. Gauzak horrela, Hezkuntza Ministroari Seaskari buruz izan dezakeen txostenaren berri eman dezala eskatu zioten. "Iraila bukaeran Jean-Michel Blanquerren ministerioak zirkular bat aterako omen du, hemendik aurrera egin daitekeena eta ezin daitekeena zehaztuz. Euskal jendartea adi egotera deitu nahi dugu, ez baita deus irabazia", nabarmendu zuen Jorajuriak.

anteriorsiguiente
noticias de noticiasdegipuzkoa