Gipuzkoako enpresen salmentak 2019ko datuetara itzuli dira 2021ean; izan ere, soilik %0,7ko jaitsiera izan dute, pandemiaren aurreko urteko lehen bost hilabeteetan erregistratutakoekin alderatuta. Eider Mendoza Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramaileak goizean eskainitako prentsaurrekoan jakinarazi duenez, lurraldeko enpresen salmenten datuak "normaltasunera itzultzen" ari dira, pandemiaren eraginaren ostean.

Maiatzeko zifrak, apirilekoak bezala, "oso onak" izan dira, 2020ko maiatzarekin alderatuta %37ko igoera izan baitu, eta urteko lehen bost hilabeteetako kopuruak %18,6ko igoera izan du. Hala ere, Mendozak ohartarazi du iazko udaberrian pandemiagatik agindutako konfinamenduak eragin duela igoera hori. Era berean, maiatzeko datuak 2019ko maiatzekoak baino hobeak dira: %1,9 gehiago (%2,3 barne salmentetan eta %1,1 gehiago esportazioetan).

Diputatuak azaldu duenez, lehen bost hilabeteetan salmentak % 18,6 igo dira 2020ko epe berarekin alderatuta (%16,3 gehiago barne merkatua eta %23,1 gehiago esportazioak); 2019ko datuekin alderatuta, berriz, salmentak %0,7 baino ez dira jaitsi, barne merkatua %0,6 eta esportazioak %0,7 jaitsi baitira.

Zifra horien arabera, "iazko konfinamenduaren distortsioa alde batera utzita, badirudi lurraldeko enpresak normaltasunera itzuli direla, salmentei dagokienez behintzat", azpimarratu du Mendozak.

Lan-merkatuari dagokionez, datuek joera bera erakusten dute: igoera nabarmenak izan dira 2020arekin alderatuta 2019ko mailak berreskuratzeko; izan ere, enplegua % 3,3 hazi da maiatzean, 2020ko hilabete berarekin alderatuta, eta %1,8 jaitsi da 2019ko datuekin alderatuta. Soldaten kasuan, %11,5 hazi dira 2020arekin alderatuta, eta 2019koak baino %1,7 handiagoak dira.