- Bertatik bertara kanpaina abiaraziko du UEMAk aurten ere erbitzu sektorean euskara areagotzeko. Ekainaren erdialdetik irailaren erdialdera bitartean iraungo du, bisitariak zein bisitariekin harremana duten zerbitzu sektoreko arduradunak eta langileak euskara aintzat hartzera gonbidatzeko.

Horretarako baliabide desberdinak eskainiko ditu UEMAk, eta lehengo urtean bezala 300.000 mahai-gaineko inguru banatuko ditu ostalarien artean. UEMAk atzo jakinarazi zuenez, dozenaka udalek eta hainbat garapen agentziek egingo dute bat kanpainarekin aurten ere.

Bertako produktuen, paisaiaren eta gainerako eskaintza zabalaren artean, udalerri euskaldunen nortasuna egokien islatzen duena euskara dela nabarmendu nahi dute. Horretarako, ekainaren erdialdetik aurrera erabilgarri izango dira ondorengo baliabideak: udalen webguneetarako eta sare sozialetarako bannerrak eta testuak, tabernetan eta jatetxeetan erabiltzeko mahai-gainekoak, sentsibilizazio bideoak, zerbitzu sektoreko eragileei kanpainaren berri emateko baliabideak, eta bisitariek telefonoetan erabili ahal izateko hiztegia, besteak beste.

Kanpaina benetan eraginkorra izan dadin, dagozkien sektoreetako arduradunak eta langileak trebatzea funtsezkoa dela uste dute, eta horretarako online saioak prestatu dituzte udaren atarian UEMAk eta udalek.

Kanpaina berri honetako eskuorria denda, jatetxe edo erakusleihoetan itsasteko moduan diseinatu dute, eta euskaraz ari-tzeko oinarrizko hiztegira ere bideratzen ditu bisitariak, QR kodearen bidez.