- Unibertsitatera Sartzeko Ebaluazioa (USE) hasiko dute asteartean, ekainaren 8an, Euskal Autonomia Erkidegoko Batxilergoko 11.947 ikaslek. Lanbide Heziketako (LH) goi mailako ziklo bat egin duten beste 835 ikaslek ere parte hartuko dute selektibitatean eta beraz, orotara 12.782 ikasle izango dira. Kopurua iazkoa baino handiagoa da: 2020an 12.594 pertsona matrikulatu ziren USEra. Aurten, %1,49 igo da kopuru hori.

Batxilergoko 4.346 ikaslek egingo dute USE Gipuzkoako campusean eta LHtik datozen beste 272k. Guztira, lurraldeko 4.618 ikaslek egin beharko dituzte azterketak. Arabako campusean Batxilergoko 1.613 ikasle eta LHko 118 aurkeztuko dira eta Bizkaian, berriz, Batxilergoko 5.956 eta LHko 429 ikasle.

Hizkuntzaren arabera, Batxilergoko ikasleen %75k (8.925 ikasle) euskaraz egingo du, eta %25k (2.990) gaztelaniaz. LHkoei dagokienez, %55k egingo du proba euskaraz, eta %45k gaztelaniaz.

USE egingo duten Batxilergoko ikasleen %57 emakumezkoak dira, eta %43 gizonezkoak. LHko ikasleei erreparatuz, emakumezkoak %69 dira, eta gizonezkoak %31.

Kontuan hartu behar da 12.782 pertsona horiei nota igotzeko irakasgai batzuetara aurkeztuko diren aurreko kurtsoetako beste 626 ikasle ere gehituko zaizkiela aurten.

EHUk jakinarazi duenez, premia bereziak dituzten 411 ikaslek USEko probetan egokitzapenak izango dituzte. Horrela, ikasle guztiek sarbide probetan berdintasuna bermatuko dutela ziurtatuko da. Premia bereziak dituzten pertsonentzako zerbitzuak USEko epaimahaiei zuzenduriko gida argitaratu du, ikasleen egokitzapen eskaerei eta horien aplikazioari erantzuna eman eta ikasleen arretan praktika egokiak ezartzeko.

Bestetik, pandemia dela eta, EHUk eta Hezkuntza Sailak 2020an ezarritako USEko gaien azterketak berregituratzea mantenduko dutela adostu dute. Funtsean, berregituraketa azterketa bakoitzaren hautazkotasuna handitzean datza; azterketa bakoitzaren A eta B aukeretako galderak modu ordenatuan eta bakoi-tzaren puntuazioaren arabera nahastu ahal izango dira.

Asteartetik ostegunera arte iraungo du selektibitateak eta egoitzen kopuruari dagokionez, EHUk eta Eusko Jaurlaritzak ohikoa baino egoitza gehiago jar-tzea erabaki dute, azterketak osasun baldintza onenetan egin daitezen.

Horrela, EHUren hiru campusetako ohiko azterketa lekuei honakoak gehitu behar zaizkie: Ficoba, Gipuzkoan; BEC, Bizkaian, eta Iradier Arena, Araban.