- Bigarren urtez jarraian, beasaindarrek ezingo dute Beasaingo Loinatz jaiekin gozatu eta Leire Artola alkateak mezu zuzena helarazi nahi izan die herritarrei: "Argi eta garbi utzi nahi dut ez dagoela festarik". Aurten ere ez da Mariren jaitsiera, pertsonaiaren erretzea eta sorgin dantza bezalako ikuskizunik izango.

Aurreko igandean sartu ziren neurri berriak indarrean, eta Beasaingo jaiekin bat datorren asteburu hau aldaketen ondorengo lehenengoa izango da. Alarma egoera amaitzearekin batera, lehengo asteburuan herri eta hiri askotan ez ziren segurtasun neurriak zaindu, eta jende asko musukorik gabe kale edanean aritu zen distantziarik errespetatu gabe. Baita Beasainen ere.

"Uste dut lehengo asteburuaren inguruan ez dugula ezer esanguratsurik komentatzeko, beste herrietan gertatutakoaren antzekoa gertatu zen hemen ere. Legea aldatzearekin batera jendearen kalera ateratzeko gogoa azaleratu zela ikusi genuen, ordura arte debekatuta zeuden hainbat ekintza egin ahal izateko; etxeratze-agindurik gabe etxera joan, adibidez. Jendeak nekearen ondotik gogoa ere badauka eta guk arduraz jokatzeko deia egiten dugu, bai norberarengatik eta baita besteengatik ere", azaldu du Artolak.

Asteburu honetan gauza bera gerta daitekeela aurreikusi eta hori eragozteko, udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren koordinazioa indartuko du Udalak. "Gainera, Beasaingo udaltzainen ordutegia 1.00ak arte luzatzea erabaki dugu", zehaztu du.

Jaietako ekitaldirik ez badago ere, pandemian zehar ekintza kulturalak antolatzen aritu da Udala eta horietako batzuk asteburu honetan ospatuko dira jaiekin batera, Gernika Pasealekuko frontoian Aurtzaka Dantza Taldearen emanaldi bat, besteak beste. "Hala ere, festarekin lotutako ekintzarik ez dugu egingo", nabarmendu du alkateak.

Iazko ez-jaietan beasaindar batzuk beraien kasa antolatu zuten jaia eta sare sozialetan oihartzun handia izan zuen gazte talde batek Mariri ongietorria nola egiten zion erakusten zuen bideoak. Erreakzioak eta kritikak berehala piztu ziren eta ondorio adierazgarrienetako bat, ekintza hartan parte hartu zuen Beasaingo Udaleko EH Bilduko Maddi Imaz zinegotziaren dimisioa izan zen.

"Lehengo urteko egoera ez da aurtengoa, eta ikusteko dago ea zer gertatuko den. Jendeak, hein handi batean behintzat, arduratsu jokatzea eta neurriak behar bezala betetzea espero dugu", adierazi du alkateak.

Tabernei dagokienez, 22.00ak arte egon ahal izango dira zabalik, eta asteburu normal batean baino jende gehiago ibiltzea aurreikusten badute ere, betiko jaietako giroaren antzik ez duela izango uste dute. "Jendea lasai egongo da. Gutxi gorabehera bi ordutan hiruzpalau trago hartzen dituztela kalkulatzen dugu, eta baliteke asteburu honetan kon-tsumoa handitzea, baina kalean ez da festekin lotutako ezer egongo", azaldu du Felitxo Huicik, Plazape tabernako jabeak.

Badaezpada jenero gehiago erostea erabaki du, baina "inolaz ere ez" festa normalak izango balira erosiko zukeen adina. "Jendeak razioak eskatzen ditu gustura dagoenean, eta nik normalean asteburutan 15.00etatik 17.00etara taberna itxita edukitzen badut ere, baliteke asteburu honetan, dabilen jendearen gorabeheran, zabalik mantentzea", adierazi du Huicik.

Gauean pare bat ordu gehiagoz tabernan lanean aritzea gustatuko litzaioke, baina pozik dago sikiera lehen baino bi ordu beranduago itxi dezakeelako. "Dirulaguntza gehiago jasotzeko zain gaude orain, izan ere, bost hilabetetan zehar ez baitugu ezer ere fakturatu, eta horri buelta eman behar zaio", esan du amaitzeko.