- "Justiziarekiko eta eraldaketa sozialarekiko konpromiso" bihurtu duen irundarraren omenez sortu du Gipuzkoako Foru Aldundiak Agustin Ugarte Nazioarteko Lankidetzaren Saria, datorren ostiralean Ficoban omenduko duena.

Beste hainbat lagunekin batera Hirugarren Munduko Lagunen Elkartea sortu zuen, ondoren, Gipuzkoako elkartasunezko hainbat ekimenen hazi izan den Behar Bidasoa GGKE bilakatu zena.

Datorren urtetik aurrera, Agustin Ugarte izeneko saria emango du Aldundiak, bere elkartasun jardueragatik 2010ean Irungo Urrezko Domina jaso zuen gizonaren izena baliatuz. Harkaitz Millan Kultura eta Lankidetza diputatuak atzo esan zuenez, "ahulen eta ezberdinen aurkako gorroto eta bazterketa diskurtsoen gorakadaren aurrean", ekimen honen helburua "pertsona guztiekiko elkartasuna eta justizia soziala bezalako balioen garrantzia nabarmentzea da". Aldundiak Ugarteren ibilbide solidario osoa harilkatzen duen "uste oso eta sakona" azpimarratu nahi izan du: alegia, helburua ez dela laguntzak eskaintzea, pertsonei eskubide propioz dagokiena eta duintasuna itzultzea baizik.

Langileen eskubideen defendatzaile sutsua da Ugarte, eta bizitza osoa eman du besteei laguntzen, azken urteotan, Behar Bidasotik. Haren jarduera solidarioak esparru ugari hartzen ditu: laguntza humanitarioa bidaltzea, garapen-proiektuak bultzatzea, edota lan-aukera-berriak zabaltzeko mikrokreditu-sistema bat abian jartzea.