Sagardoaren Lurraldeak XXVIII. Sagardo Berriaren Eguna ospatu du gaur goizean Astigarragako Erribera kultur etxean. Sagardo berria, sagardotegietarako ezarritako protokoloa eta sagardoaren kulturarekin lotutako aisialdiko eskaintza aurkeztu dute eta aurtengo gonbidatua ETB2-ko A bocados saioko Ander Gonzalez aurkezle eta sukaldaria izan da. Berarekin batera izan dira Xabier Urdangarin Astigarragako alkatea eta Sagardun Partzuergoko lehendakaria, eta Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Euskal Sagardoa Jatorri Deiturako ordezkariak ere.

Aurten sagardotegietan 2020ko uzta dastatu ahal izango da eta uzta txikia izan bada ere, "izaera handikoa" dela nabarmendu du Unai Agirre Euskal Sagardoa Jatorri Deituraren gerenteak. "2019an bost milioi sagar kilo bildu genituen Euskal Sagardorako eta 2020an bi milioi kilo izan ziren. Guztira, 1.200.000 litro sagardo ekoiztu dira eta ez da kezkagarriegia urte honetan, izan ere, egia esan, urte zaila izaten ari da ostalaritza geldirik egon delako eta horrek salmentek behera egitea eragin baitu", azaldu du.

Guztira 48 sagardotegik egin dute Euskal Sagardora bideratutako sagardoa: Gipuzkoako 42k, Bizkaiko lauk eta Arabako bik. Ezaugarriei dagokionez, iaz baino alkohol gehiago du eta orokorrean, gorputz handikoa da. Kolore horixka eta fruta usaina du, eta txinparta finekoa da. Euskal Sagardoa Jatorri Izendapeneko sagardoa ekoizteko, 480 hektarea inguru eta 248 sagargileren bi milioi kilo sagar erabili dituzte.

Hogeigarren urtez jarraian, irailaren hasieran kontrol bat egin zen Fruitel eta Sagardoaren Lurraldearen artean Gipuzkoako sagasti desberdinetako sagarren egoera ezagutzeko. Horretarako, lurraldeko zenbait sagasti jarraitu eta hamalau barietate kontrolatu dituzte: Aritza, Errezila, Gezamina, Goikoetxe, Manttoni, Moko, Mozolua, Patzolua, Txalaka, Udare Marroi, Urdin, Urtebi Haundi, Urtebi Txiki eta Verde Agria.

Jakina denez, uzta berria botila edo pitxer gardenetan dastatu ahal izango da sagardotegietan eta unean uneko protokoloarekin jarraituz, lau pertsonako taldeak elkartu ahal izango dira eserita bazkaltzeko. Aurkezpenean Sagardoetxea Museoak Aste Santuan sagardoaren kulturaz gozatzeko prestatu dituen esperientzien bideoa ere aurkeztu dute: Museoa eta sagardotegia, sagardoa eta itsasoa, Sagarbike, Sagartrekking, Astigarragako bisitak bizikletan eta Chillida eta sagardoaren kultura dira, besteak beste, luzatu dituzten proposamenak.

Aurtengo gonbidatua izan den Ander Gonzalezek adierazi duenez, sagardoaren sektoreak eboluzio handia izan du. "Lehen sukaldariok uste genuen sagardogileen bezeroak ginela eta orain, aldiz, gure lankideak direla ikusi dugu. Sagardogile gazteek bide asko ireki behar dituztela ikasi dute eta guretzat erreferenteak dira", nabarmendu du.

Bertan izan dira Lizeaga sagardotegiko Axier Lizeaga eta Zelaia sagardotegiko Oihana Gaincerain ere, eta sagardo berriaren ezaugarriak azaldu ostean, aurkezpenean parte hartu dutenentzako sagardoa zerbitzatu dute. Gonzalez izan da dastatzen lehenengoa eta Gure Sagardo Berria! esan ostean, topa egin du.

KALITATEAREN GARAPENA

Gipuzkoako Foru Aldundiko landa inguruneko departamenduak azken urteetan "lan handia" egin du bertako sagarrondoaren alde. Xabier Arruti Nekazaritza eta Landa Garapeneko zuzendariak azaldu duenez, 2016an hasita, 153,66 hektarea landatu dira eta 1.532.273,06 euroko diru-laguntzak onartu dira. "Horrez gain, kalitatea zaintzen duen Fraisoro Laborategia aipatu behar da. Azken urte hauetan sagardoari prestigioa ematen lan handia egiten ari da eta produktuaren bilakaeraren lekuko da", esan du amaitzeko.