Euskofederpen Euskadiko Adinekoen Euskal Federazioak gizarte-zentroetako praktika onei dagokien Irakatsi antolatu du. Pandemiaren ondorioz bizitzen ari garen egoerari aurre egiteko Euskadiko gizarte-zentroek abian jarri dituzten ekintzak ezagutzera eman eta saritu nahi ditu Euskofederpenek. Lehiaketa irekia da eta edozein gizarte-zentrok eman dezake izena, nahiz eta federazioko kide ez izan. Proiektuak aurkezteko epea apirilaren 15ean amaituko da eta irabazleak ekainaren 1ean jakinaraziko dituzte. Garaileak 1.500 euroko saria eta diploma eramango ditu, eta bigarren eta hirugarren postuan sailkatzen direnei 500 euroko accesita eta diploma bana emango dizkiete.

Irakatsi sarien lehen edizioaren aurkezpena gaur goizean egin dute Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean eta bertan izan dira Santi Larburu, Euskofederpeneko lehendakaria, eta Inma Sánchez, elkarteko kidea. Larburuk azpimarratu duenez, gizarte-zentroek "lan isila" egin dute pandemian zehar eta sari hauen helburua proiektu horiek guztiak ezagutzera ematea da. "Gure ustez, gizarte-zentroak kohesio sozialerako tresna garrantzitsuak dira, elkarrekin bizitzeko, bizipenak trukatzeko eta parte hartze soziala sustatzeko topaguneak. Hala ere, pandemiak krisi bat eragin du haien funtzionamenduan; izan ere, horietako asko itxita edo partzialki irekita egon baitira, eta horrek jarduerak eta zerbitzuak etetea eragin du", azpimarratu du Larburuk.

Sarituko diren ekimenak askotarikoak izan daitezke, zentro bakoitzeko kideen gustu eta eskaeren araberakoa da hori. "Egia da gizarte zentroetako espazioak baldintzatu egin ditzakeela egiten dituzten jarduerak. Baina era berean, pandemiak esperientzia berriak sortzea eragin du. Adibidez, erretiroa hartutako pertsonek gizarte-zentroetan irteerak antolatu dituzte kalera, parkera, urmaelen batera, edo aire librean Tai Chi bezalako praktikak egitera joateko, adibidez. Guk zahartzaro osasuntsua indartzeko jarduerak bultzatu nahi ditugu eta praktika on horiek horretara bideratuta egon behar dute", azaldu du Sánchezek.

Euskofederpenek 230 gizarte-zentro biltzen ditu Euskadin eta erretiroa hartutako pertsonak gizartean aktiboagoak izatea bilatzen du. EAEn milioi erdi erretiratu daude eta horietako askok ekarpenak egiteko gogoa eta indarra dutela nabarmendu du Larburuk: "Erretiratutako pertsona batzuek mendizale taldeak berreskuratu dituzte eta galdutako bideak berrerabili dituzte, adibidez. Horrelako gauzak bultzatu behar dira, baina askotan esperientzia hauek ezezagunak izaten dira. Inork ez ditugu ezagutzen eta hori aldatzea da gure xedea".

Irakatsi sarietan parte hartzeko eskabideak hiru modutan egin ahal izango dira. Alde batetik, bide telematikoz, euskofederpen.blogspot.com orrialdean eskuragarri dagoen inskripzio-inprimakia betez. Bestalde, posta elektronikoz, proiektua info@euskofederpen.com helbidera bidaliz. Edo posta arruntez, Euskofederpen-en helbidera idatziz: Prim kalea, 49, 2. ezkerra.