Helduen euskalduntze prozesuan aurrerapausoak eman nahi ditu AEK-k eta horretarako, Bultza euskaltegiak! Bultza euskara! dinamikaBultza euskaltegiak! Bultza euskara! jarri du martxan. Urtero 45.000 herritarretik gora aritzen dira Euskal Herriko euskaltegietan euskara ikasten, baina 16 urtetik gorako herritarren %55 erdalduna da oraindik. “Berdintasunean oinarritutako jendartea amets badugu, argi dago herritar helduen euskalduntzea beharrezkoa dugula, guztion eskubideak bermatzeko zubia delako”, adierazi du gaur goizean Alizia Iribarrenek, AEKren koordinatzaile nagusiak, dinamikaren aurkezpenean.

Euskaltegien finantzaketak hobera egin badu ere, oraindik zeregin asko dagoela uste dute. AEK Euskal Herri osoan aritzen da herritarrei euskara ikasteko zerbitzua eskaintzen eta horregatik, gaur egun, EAE, Nafarroa eta Iparraldeko administrazioetatik arlo honi “bultzada estrategikoa” ematea beharrezkotzat jotzen dute.

Hori horrela izanik, martxan jarri duten dinamikak hiru ardatz izango ditu. Alde batetik, gutun bat helaraziko diete Euskal Herriko administrazio nagusiei, datozen urteetan euskalduntze-mugimenduak nolako baldintzak izan behar dituen jasota. Bestalde, herritarren bultzada jasotzeko Euskal Herriko hainbat tokitan Bultza euskaltegiak! ekitaldi xumeak antolatuko dituzte martxoaren 28an, unean uneko osasun-neurrietara egokituak. Momentu honetan, 45 gune dituzte lotuta eguerdiko 12:00etan ekitaldiak aurrera eramateko, baina behin betiko zerrenda ez dute itxi oraindik.

Azkenik, gaurtik hasita eta martxoaren amaierara arte, Bultza euskaltegiak! Bultza euskara! egizu ekarpena diru-bilketa kanpaina ere abiatu dute. Korrika atzeratzeak “zuloa” eragin du AEKren aurrekontuan, eta banku bidezko finantzaketaren bitartez eman diote erantzuna, hasiera batean. "Zorpetze horri ere aurre egin beharko diogu, eta herritarren sostengua nahi dugu. Aurten bultzada txiki bat, eta hurrengo ikasturtean izango den Korrikak babes erraldoia jasoko duelakoan gaude, benetan behar dugu-eta”, nabarmendu du Iribarrenek. Ekarpenak hainbat modutara egin daitezke AEKren webgunean.