EHUko teknologia Marten dago dagoeneko

17.02.2021 | 23:50
'Perseverance' laborategi mugikorraren lur hartzea irudikatzen duen ilustrazioa. Argazkia: NASA

'Mars 2020' misioan hartu dute parte unibertsitateko bi ikerketa taldek Nasaren eta 'Perseverance' laborategiaren tresna batzuk sortu dituzte

UPV/EHUko bi ikerketa taldek egindako tresnak gaur iritsiko dira Martera, NASAren Mars 2020 misioaren baitan, hemen 21.50ak direnean. Misioaren elementu nagusia Perseverance izeneko rover edo ibilgailu autonomoa da. Izatez, laborategi mugikorra da, eta bere zeregina Jezero kraterraren gainazala ikertzea izango da, bizitzarik ba ote den aztertzeko. Agustín Sánchez Lavega eta Juan Manuel Madariaga katedradunen zuzendaritzapean UPV/EHUko hainbat ikertzailek parte hartu dute rover horren bi tresna eta misioaren beste alderdi batzuk garatzen.

Uztailaren 30ean abiatu zen Mars 2020 misioa Marterantz, Perseverance ibilgailu autonomoarekin. Laborategi mugikorrak 1.500 kiloko pisua du, eta planeta gorriaren ekuatoretik gertu dagoen Jezero kraterraren gainazala ikertuko du. UPV/EHUk atzo ohar baten bidez adierazi zuenaren arabera, krater horretan laku bat zegoen aspaldi, eta horregatik aukeratu dute leku hori. Aintzirak 250 metroko sakonera zuen, eta gaur egun lehortuta dagoen ibai batek isurtzen zuen ura bertan, jalkinez betetako delta batean.

Ikertzaileen arabera, bere ezaugarriak kontuan izanda, Marte "hautagai ezin hobea" da eguzki sisteman gaur egun bizitzarik baden edota iraganean egon ote zen ikertzeko. Marteren erradioa Lurrarenaren erdia da, gutxi gorabehera. Bertako egunek 24,5 ordu irauten dute, eta haren biraketa ardatzaren inklinazioa 24 gradukoa denez, urtaroen ziklo bat izaten du urtero, Lurrak bezalaxe.

Planeta gorriaren atmosfera oso mehea da –bere gainazaleko presioa Lurrekoaren 7 milaren ingurukoa da– eta karbono dioxidoz osatuta dago, berotegi efektuko gasaz, alegia. "Oso planeta hotza da, batez beste -50 graduko tenperatura baitu ekuatorean, eta Eguzkiaren erradiazio ultramoreak gogor jotzen du gainazala. Bertan bizia aurkitzeko aukerak oso txikiak dira –lurpean egon liteke–, baina Marteren iraganak esperantzari bide ematen dio", azaldu zuten unibertsitateko ordezkariek.

Izan ere, ikertzaileen arabera, Lurrak eta Martek antz handia bai-tzuten sortu ondorengo lehen 700 milioi urteetan. Marteren atmosfera lodiagoa zen eta horri esker, bazegoen ur likidorik gainazalean.

'perseverance' laborategia Sánchez Lavegaren hitzetan, Perseverance omen da orain arte Martera bidali den laborategirik "konplexuena", eta hari esker planeta hartan bizitzarik baden edo egon izan den aztertu ahal izango da "tresna guztiz sofistikatuekin". "Gainera, teknologia berriak probatu eta laginak ere hartuko dira, etorkizunean Matera bidaltzen diren misioetan Lurrera ekartzeko", azaldu zuen Sánchez Lavegak.

Misio horretan atmosferatik oxigenoa erauzteko gailu bat probatuko dute, etorkizunean Martera joango diren astronautek erabil dezaten. Ingenuity izeneko helikoptero txiki bat ere badarama, bi kilotako pisura iristen ez dena, eta horrekin esploratuko dituzte kraterraren inguruak.

Sánchez Lavegaren taldeak MEDA tresna garatzeko lanak egin ditu, Madrilgo INTA zentroarekin batera. Estazio meteorologiko bat da eta atmosferaren egoera aztertuko du; baita hauts partikula esekien ezaugarriak ikertu ere. "Marteko atmosferan hautsa dago beti. Horrek arazoak sor-tzen ditu tresnetan, eta arriskutsua ere bada gizakiok planeta esploratzerako orduan. Hauts horren ezaugarriak eta eguneko zein urteko zikloak ikertzea da gure asmoa", azaldu zuen Sánchez Lavegak.

Horrez gain, Madariaga irakaslearen IBeA taldea SuperCam tresnarekin laguntzen ari da. Tresna hori urrutiko analisiak egiteko sistema espektroskopikorik "konplexuena" da. "Haren unitate bakoitzak informazioaren zati bat ematen du eta, konbinatuta, analisi kimikoak eta analisi petrografikoa egiteko aukera emango du", adierazi zuen Madariagak.

Perseverance gutxienez 687 egunez egongo da Marten, eta dena behar bezala irtengo balitz, esplorazioa hainbat urtez luzatu ahal izango da.