- Basque Research & Technology Alliance, BRTAko kide den CIC bioGUNEko Biologia Konputazionaleko Laborategiak eta Luxembourg Centre for Systems Biomedicinek (LCSB) elkarlanean egindako ikerketak metodo berri bat deskribatzea lortu du, infekzio baten aurrean hantura edo inflamazioa anplifikatzen eta mantentzen duten molekulak identifikatzen dituena.

Covid-19a duten pazienteetan molekula horiek identifikatzeko erabili dute metodo berri hori ikertzaileek, gaixotasunaren kasu larrietan esku-hartze terapeutikoko jomuga potentzial berriak proposatu ahal izateko. CIC bioGUNEk atzo prentsa ohar batean jakinarazi zuenez, ikerketa-lana Science Advances aldizkarian argitaratu dute.

Birus batek gizakiaren sistema immunitarioa kutsatzen duenean, arrotzari aurre egiteko aktibatzen da gorputza. Erantzun immunitarioa prozesu konplexu batzuen bidez sortzen da. Prozesu horietan zenbait zelula motak esku-hartzen dute, eta horiek, zitokina izeneko proteinen bidez komunikatzen dira elkarren artean. Sistema immunitarioaren zeregin nagusietako bat, infektatu eta hantura eragiten duten organismoko zelulak identifikatzea eta ezabatzea da.

Antonio del Sol Ikerbasqueko iker-tzaile eta CIC bioGUNEko Biologia Konputazionaleko Laborategiko taldeko liderrak oharrean azaldu zuenaren arabera, normalean sistema immunitarioa "oso kontrolatuta" egoten denez, ehunetako kaltea ahalik eta gehien murriztea lortzen du.

Baina faktore patogenoa erraz kanporatu ezin den egoeretan, gaixoek kondizio hiperinflamatorio bat jasan dezaketela adierazi zuen, non erantzun immunea handitu eta mantendu egiten den atzeraelikadura positiboko begizta edo bukle bidez. Egoera hiperinflamatorio horrek sintomen larritasuna areagotu eta heriotza ere eragin dezake.

"Hori horrela izanik, egungo erronka hantura hori nola arindu asma-tzea da, pazienteak SARS-CoV-2a, covid-19a sortzen duen birusa, ezabatzeko duen gaitasuna murriztu gabe", azaldu zuen del Solek.

Arazo hori konpontzeko, ikertzaileek metodo berri bat garatu dute, erantzun immunitarioaren modulatzaileak identifikatzeko baliagarri dena. Behin hantura gehitzen duten molekulak identifikatutakoan, posible da haien jarduera maila kaltegabeetara murriztea.

Covid-19arekin kutsaturiko pertsona gaixoen biriketan jazotako zelulen arteko 1.700 interakziotik gora aztertu zituen ikertzaile taldeak, erantzun immunitarioaren mapa oso bat sortuz. Ikuspegi horren ezaugarri bereizgarritzat, banakako zelulen informazio genomikoa erabili zen mapa horiek sortzeko, eta, hala, sistema immunitarioko zelula motak ere irudikatu ahal izan ziren.

"Gure eredua covid-19aren testuinguruan erabiltzea erabaki dugu, kontuan izanik, gaixotasunaren maila larria sufritzen duten pazienteek hiperhantura izaten dutela, haien bizitza arriskuan jartzeraino", azaldu zuen Sascha Jungek, ikerketaren lehenengo autoreak. Haren esanetan, hantura handitzea atzeraelikadura-mekanismoek eragiten dute, inmunitate-zelulak partzialki kalte-tzeaz gain; eta ondorioz, hantura-erantzuna areagotu egiten dute.

Antonio del Solek eta bere taldeak Jungen eredua erabili zuten sistema inmunitarioak eragindako hantura-erantzun hori modulatzeko gai izan daitezkeen molekulak identifika-tzeko. Del Solek horrela azaldu zuen euren ikuspuntua: "Atzeraelikadurako begiztetan parte hartzen duten geneen asaldura konputazionalaren bidez ondorioztatu genuen, Versican proteinek eta Toll-2 motako hartzaileek zeregin garrantzitsua dutela. Gure ereduaren arabera, bi molekula horietako edozeinen inhibizioak atzeraelikadura-begiztak %75era arte alda ditzake, erantzun immunitario orokorrean inolako eraginik izan gabe".

Del Solen taldearen lana Cytokines konferentzian aurkeztu dute, eta aurkikuntza berri hauen arabera, aurreikusitako proteinak giltzarri izan daitezke covid-19aren tratamenduan esku-hartze medikoa egiterako orduan. Washingtongo Unibertsitateko immunologoak dagoeneko aztertzen ari dira aukera hori animalia-ereduetan.

Ikertzaileek covid-19az kutsaturiko pertsona gaixoen biriketan zelulen arteko 1.700 interakzio baino gehiago aztertu dituzte