Xabier Urbistondo ezkiotarra bertsotan kexatzean otu zaio, duela bi hilabete Matxinbenta auzoko bere Zegaia baserriaren ondoan luizi batek bidea itxi eta oraindik bidea garbitu gabe dagoela salatzeko. Abenduaren 12an gertatu zen ezbeharra eta aste honetan bertan bilera izan ondoren, Ezkio-Itsasoko Udalak luiziaren beheko aldea garbitzeko lanaren zati bat ordainduko duela adierazi du.

Zegaia baserria jaiotetxea du eta bertan hazi ziren hamahiru senide. Gaur egun, emaztearekin bizi da bertan Urbistondo eta 61 urterekin baserria zaintzen jarraitzen du.

"Urte hauetara iritsi eta, hola ibili beharra. Lur-jausi batek eraman zigun geneukan bide sastarra. Eta Udalari egin nahi diot galdera ozen eta azkarra: zergak ordaintzeko bakarrikan al naizen ezkioarra", kantatuz hasten du Urbistondok bere bertso sorta. Lur-jausia gertatu zenean Udalari beheko zatia garbitzeko eskatu zion, eta horretan zebiltzala erantzun arren, Urbistondok ez zuen bere etxe inguruan mugimendurik ikusten.

"Ulertzen dut Ezkio-Itsasokoa udaletxe txikia dela eta agian ez dagoela baliabide askorik horrelako lanak egiteko, baina nik egunero ibili behar dut hor eta baldintza horietan ez da batere egokia", azaldu zion atzo egunkari honi Urbistondok.

Baserri ingurua horrela edukitzeak loa zapuzten zion eta bertso horiek moldatzen hasi zen bere kexa adierazteko. Kantatu ezinda ere geratzen zen noizbehinka eta berriro ere hasieratik heldu behar izaten zion bere bertso-sorta osatzeko prozesuari. "Mugikor txiki batekin grabatu genituen azkenean, eta ondoren, beste zortzi egunez egon nintzen lanean hasiko ote ziren itxaroten", esan zuen.

Denborak aurrera egin eta lur-jausiak hor jarraitzen zuela ikusita, aurrena bizilagunari bidali zion bertsoekin osatutako bideoa, Udalera bidaltzeko modukoa ote zen galdetzeko. "Erantzun zidan oso ondo iruditzen zitzaiola, baina ez zekiela zer eragin izango ote zuen", adierazi zuen. Orduan, Udaleko zinegotzi bati bidali zion eta bertso-sortak izan duen oihartzunak ezustean harrapatu du ezkiotarra: "Ez dakit nola zabaldu den hainbeste. Nik bi pertsona horiei bidali nien eta sare sozialetan zabaldu bezain laster bonba bat bihurtu da".

Izan ere, bertsoak udaletxekoei erakusteko sortu baitzituen, nola dabiltzan ikus zezaten eta baldintza horietan bizitzeko eskubiderik ez dagoela esateko. Bi hilabete badira dagoeneko ganaduari pentsua eramateko bizkar gainean kargatu behar izaten dutela orgatila erabili ezin duten eremuetan, eta traktorea kargatu ahal izateko bide luzea egin behar izaten dute horrela. "Gainera, etxe inguruan sagarrak, kiwiak eta intxaurrak ematen dizkiguten fruta arbolak dauzkagu eta baita basoa ere. Baina orain ingurua erabat narrastuta dago bertan lanean ari-tzeko", salatu zuen.

Barru-barruko sentimenduetatik sortutako bertsoak dira eta horixe adierazten du estrofa honek: "Pen-tsuak hartu bizkarrian da castellanuen gurdira. Semeak heldu sokatik eta baguaz bultza ta tira. Aita ta ama zeruetatik negarrez daude begira hamahiru seme-alaba hazi ta hezi zituzten tokira".

prozesua martxan

Sentimenduz eginiko bertso horiek beraien bidea egin ondoren, asteazkenean Udalarekin bildu zen Urbistondo eta luizia garbitzeko prozesua martxan da dagoeneko. Beheko aldea garbitzeko lanei asteburu honetan edo datorren astearen hasieran ekingo diotela uste du, eta Ezkion indarrean dagoen irizpidearen arabera, lan horien erdia Udalak ordainduko duela adostu zuten; beste erdia aldiz, lurren jabeek.

Goiko zatia kentzeko eskaera ere egin dio Ezkio-Itsasoko Udalak Gipuzkoako Foru Aldundiari eta orain txostenaren zain omen daude. "Guztion artean egoera honi irtenbidea aurkitzea espero dut", esan zuen amaitzeko.