rrenteriako Bordazar baserrian aitaren erreleboa duela urtebete hartu ostean, esperientzia berri bat bizitzeko aukera bikainarekin egin zuen topo Aitor Zapirainek aurreko azaroan. Valladolideko Megeces herrian bi aste pasa zituen bertako ukuilu batean Nekazaritzako Erasmusa eginez, eta esnekiekin lan egiteko modu desberdinak ikasteko aukera izan zuen bertan. "Oso herri txikia da Megeces eta ukuilua bi anaien artean osatutako kooperatiba zen, guztira sei pertsonek lan egin arren. 22 behi zeuzkaten eta esnekien salmenta zuzena egiten zuten: esne gordina eta pasteurizatua, jogurt osoa eta gaingabetua, lau gazta mota desberdin, esne-gaina, eta tarteka, gurina ere saltzen zituzten", azaldu dio egunkari honi Zapirainek.

23 urte ditu eta 2020ko urtarrilaren 1ean bere baserriaren jabe bihurtu zen. Bordazarren jaioa da Zapirain eta txikitatik ikusi izan du aita esnetarako behiekin lanean. "Beti gustatu izan zait baserria eta txikitatik esaten nuen baserritarra izan nahi nuela", adierazi du.

Hala ere, baserritarren bizimodua oso erraza ez denez, unibertsitatean zerbait ikastea gomendatu zion amak, eta batxilergoa amaitu ostean, irakasle-ikasketak egitea erabaki zuen baserritar gazteak. "Unibertsitateko gradua bukatutakoan, irakaskuntza ala baserria aukeratu behar izan nuen, eta nahiz eta biak gustatu, txikitatik baserriak gehiago erakartzen ninduenez, aitaren oinordetza hartzea erabaki nuen", esan du.

Guztira esnetarako 150 behi dauzkate baserrian eta esnea ekoizten dute, ondoren hainbat lekutara bideratzeko. Donostian bi esne makina dituzte kalean -Easo plazan bat eta Irun plazan bestea- duela hamaika urtetik hona, eta esne-kopuru bat haietara bidaltzen dute. "Egunerokotasunean saltzen denaren arabera pasteurizatzen dugu makinetan berriz jartzeko", zehaztu du. Kaikuko bazkide direnez, gainerako esne guztia bertara eramaten dute.

Baserriaren jabe egiteaz gain, proiektu pertsonal bat ere badu esku artean Zapirainek. Donostian makinak dituztenez, jogurtak egiten hasi nahi du; produktu hori ere makinetan sartu eta bezeroentzat eskuragarri jartzea gustatuko litzaioke. "Gainera, proiektu bideragarrientzat diru-laguntzak ematen dituztenez, baserrian berrikuntza batzuk egin nahiko nituzke: teknologia berriekin egindako ikerketa bidez frogatu da eraikuntza mota jakin batekin behiak erosoago egon daitezkeela, eta ukuilua pixka bat egokitu nahi dut. Gainera, horrek, guri ere lana arinduko liguke", nabarmendu du.

Nekazaritzako Erasmusak proiektu horri ikuspegi erakargarriago batetik begiratzea ahalbidetu dio. "Niri beti kostatu izan zait etxetik, eta orokorrean Euskal Herritik, irtetea. Aitak animatu ninduen, esanez esperientzia polita izan zitekeela eta esnekiak nola lantzen zituzten ikusteko aukera izango nuela, gure proiekturako ideiak hartzeko", aipatu du.

Erabakia hartu ostean, maleta prestatu eta Megeceserako bidea hartu zuen Zapirainek. "Oso ondo hartu ninduten bertan eta gauza asko irakatsi zizkidaten. Oso gustura egon nintzen", aitortu du. Lehenengo astean goizeko 6.30ak aldera jaiki eta 7.00etarako ukuilura joaten zen, behiak jetzi, ukuiluko lanak egiten lagundu, behiak larrez mugitu eta traktore lanak egitera, besteak beste. "Asteburuan Errenteriara itzuli nintzen, gure baserriko langileek jai zeukatenez, aitari lagun-tzeko", azaldu du.

Bigarren asteari ekiteko, berriro ere Megecesera itzuli eta elaborazioa lantzen aritu zen txanda horretan. "Bazkalordura bitartean gaztak eta jogurtak egiten genituen, eta eguerdian, nagusiaren etxean bazkaldu ostean, oloa eta alpapa ereiten laguntzen nien traktorearekin. Egun batean zuzeneko salmenta ere probatu nuen: Valladolid hirira joan eta produktuak saltzen aritu ginen", gogoratu du.

Nekazaritzako Erasmusak bere baserriko esperientzia aberasteko balio izan diola argi du Zapirainek: "Nik, hemen, aitak lan egiteko duen modua eta ondoan bizi den baserritar batena bakarrik dauzkat ikusita. Kanpora ateratze horrek oso modu desberdinean lan egiten duten baserritarrak ikusteko aukera eman dit, eta pentsarazi ere egin dit agian badagoela nirea baino egokia den lanerako modurik". Gainera, jende berria ezagutzeko eta pertsona gisa hazteko ere mesedegarri izan zaiola iruditzen zaio.

Aukera edukiz gero, Nekazaritzako Erasmusa erabat gomendagarria dela dio Zapirainek, baina ez omen da erraza horretarako denbora izatea. "Baserrian bakarrik egoten gara gehienetan eta bi astez beste nonbaitera joateko, baserriaren ardura guztia beste norbaiti utzi behar zaio. Nire kasuan, eskerrak aita alde nuen, eta konfiantza osoarekin esan nion baietz; baina, askorentzat, bi aste kanpora joateko beste norbaitek martxa hori har-tzea zaila izaten da. Beraz, baserritar batzuentzat konplikatua ikusten dut, baina aukera izanez gero behintzat, gomendatuko nieke", esan du amaitzeko.