1984az geroztik, maiatzeko bigarren igandean ospatu ohi da Herri Urrats eguna. Euskal Herri osotik milaka pertsona hurbiltzen dira Senpereko aintzirara euskara eta euskal kultura sustatuz, ikastolen garapenerako egun garrantzitsu hori ospatzera; baina 2020an, lehenengo aldiz, ez da Herri Urrats jaia egin. Hasieran atzeratu eta azkenean ezeztatu egin behar izan zuten ikastolen festa Iparraldean, baina aurten maiatzaren 9an urteroko ohiturarekin era berri batean jarraitzeko modua aurkitu dute.

Oraindik nola ospatuko den zehaztu gabe badago ere, horretarako baimena eman dietela baieztatu dute gaur Herri Urratsen antolatzaileek ohar baten bidez. Horrez gain, Boga diru-bilketa kanpainaBoga jarri dute abian eta horren bidez, Iparraldean eraiki nahi duten bosgarren ikastolarako materiala erosi nahi dute: teilak, ateak, leihoak edo igogailua, besteak beste.

2021eko iraileko ikasturte hasiera prestatzen hasi dira antolatzaileak dagoeneko eta Akademia Ikuskariaren arabera, datozen hiru urteetan, jaiotzen beherakadaren ondorioz Pirinio Atlantikoetako eskoletan 3.000 edo 4.000 ikasle gutxiago egongo direla aurreikusi du Hezkuntza ministeritzak. Egoera horretan, lehen mailetan antzeko ikasle kopurua izango dutela uste dute, baina baita Iparraldeko lau ikastoletan bigarren mailetako ikasle kopuruak gora egingo duela ere.

“Bigarren mailetako ikasle uholde horri aurre egiteko, bosgarren ikastola bat sortzeko lanetan ari gara. Eskola berria Azkaine Senpere inguruan ala barnealdean, Hazparne eskualdean, eraikiko da”, azaldu zuten.

Hori horrela izanik, ekarpen ekonomikoa egitera deitu dituzte herritarrak, enpresak eta instituzioak.

Boga.herriurrats.eus atarian ikastola eraikitzeko materialen prezioak ezarri dituzte eta bakoitzak nahi duen ekarpena egin dezake horiek erosteko. “Plataforma honekin txartelarekin bakarrik ordaindu daiteke, baina paperezko bertsio bat ere zabalduko dugu jendeak nahi duen bezala ordaintzeko”, adierazi zuten.