Gipuzkoako herririk altuena, Bidania-Goiatz, zurizuri egon da elurra metatu ostean, eta hotzak izoztu egin du paisaia erabat. Hain zuzen, termometroak oso tenperatura baxua erakusten du azken egunotan. Leire Retegi Goiatzeko Alkorta Etxe baserrian bizi da eta egunkari honi azaldu dionaren arabera, harrituta dago hainbeste elur ikusita.

"Nik neurtu nuenean, 30 zentimetro baino gehiagoko elur kapa zegoen Goiatzen. Egunero elurra egiten zuenez pilatzen joan zen, eta orain izoztu egin da guztia", azaldu du Retegik. Hori arazo bat bihurtu da herritarrentzat, irristatu eta erortzeko arrisku handia baitago. Elurra jaun eta jabe den paisaian ohikoa denez, elurra kentzeko makina egunero pasatzen da bertako errepide nagusietatik bideak garbitzeko, eta herri barrurako udaletxeak pala bat alokatu du egunean behin gutxienez kaleak txukuntzeko.

Horrelako elurteak ez dira ohikoak Gipuzkoan, ezta bertako herririk altuenean ere. Retegik lera erabiltzen du elurteen erreferentziatzat: "Esango nuke iaz ez genuela lera inoiz erabili eta ez ginela elurretan jolasean ibili".

Bi haur ditu eta haiekin joaten da elurretan jolastera, baina helduek ere primeran pasatzen omen dute. "Hemen atzeko edozein zelaik du aldapa, eta helduok ere bertan ibiltzen gara haurrekin batera", aitortu du. Elurra etorri eta BidaniaGoiatzek Candanchúren antza hartu duela komentatzen dute bizilagunek. "Asteburuan jendez gainezka egon gara. Autoak non-nahi eta zelaiak kanpoko jendez beteta. Askok lerak, elur-erraketak eta eluroholak ere ekarri dituzte, eta esango nuke Candanchú-zale asko etorri dela hona ", dio irribarrez.

Neguko kirolak praktikatzeko aukera bikaina eskaintzen badu ere, elurrak mugikortasun arazoak ere sortzen dituela esan du Retegik. "Goiatzetik Azpeiti aldera lanera joan behar dutenek Urraki igo behar izaten dute, eta errepide horrek arazoak ematen ditu. Aldiz, Tolosa aldera joatea ez da hain konplikatua izaten", azaldu du.

Hala ere, horrelako tenperatura hotzei aurre egiteko prest izaten omen dituzte autoak bertako bizilagunek. "Hemen etxe gehienetan dituzte 4x4 ibilgailuak, eta horrelakorik ez dugunok neguko pneumatikoekin moldatu behar", esan du. Elurrari beldurrik izan ezean, pneumatiko horiekin moldatzea "erraza" dela dio. "Niri elurrak errepidean errespetua ematen dit, izan ere, Urraki igotzen hasten zarenean ez baituzu atzera bueltarik eta aurrera egin beharra dago. Kotxeak erantzun egin behar du eta batzuetan baietz uste arren, litekeena izaten da errepidearen baldintzak konplika-tzea. Horrelakoetan tentsioa sentitzen da", adierazi du.

ELURRETARA OHITUTA

Garikoitz Lasa da Bidaniako Zugasti harategi eta janari-denda bakarreko jabea, eta bere dendaren atarian 24 zentimetrorainoko elur kapa neurtu omen du. Errepideak garbi badaude ere, belardiak erabat elurtuta ageri dira bertan. "Egun batean -11 gradu izan genituen", nabarmendu du.

Horrelako elurterik aspaldi egin ez duenez, aurtengoa "ikaragarria" iruditu zaie bertako bizilagunei, baina hotzari aurre egiteko ondo prestatuta omen daude. "Duela hiru urte egin zuen elurra gogoz azkenekoz; 72 zentimetro neurtu izan ditugu hemen. Esperientzia hori pasa ostean, hotzik ez pasatzeko nola prestatu ongi ikasia dugula esango nuke", adierazi du Lasak.

Elurra egiten duenean jendeak ez omen du harategira joateko aparteko arazorik izaten: "Elurra ari duen momentuan bertan zailagoa izaten da hona etortzea, baina elurra kentzeko makina bideak garbitzen hasi ahala errazago etortzen dira bezeroak. Hala ere, bertako bizilagunak nahikoa ohituta daude egoera honetara".

Dendara etorri eta bidaniarrek elurra "polita" dela komentatzen badute ere, Lasaren arabera, lanean jardun behar dutenentzat "traba" izaten omen da, denda zabalik mantentzeko arazorik izan ez arren. "Salgaiak dendara ekartzeko ez dugu aparteko arazorik izan. Errepide nagusia berehala garbitu dute eta oztopo handirik gabe moldatu gara. Bestela, Tolosara jaitsi eta handik ekartzen dugu janaria", azaldu du.

Lasak ere nabarmendu du Bidania-Goiatzen ibili den jendetza: "Aurten bezala ez dugu herria sekula ezagutu. Jendeak eski estazioetara joateko aukerarik ez duenez, iruditzen zait elur-gose daudela eta azken egunak harrigarriak izan dira hemen". Eskiatzeko grinaz etortzen diren horietako batzuk ez omen dira kontziente eragin dezaketen kalteaz. "Batzuk edonola aparkatzen dute kotxea, eta belardietan jolastea ondo badago ere, batzuk baratzeetara sartzen dira eta landatuta dauden barazkiak apurtzen dituzte. Elurraren azpian ortuak daude eta zaindu egin behar dira. Batzuk ganoragabe ibiltzen dira", salatu du.

URBIAKO FONDA

Tolosaldea utzi eta Debagoienara jauzi eginez gero, han ere antzeko paisaia zuria topatuko dugu. Arantzazutik Urbiara igotzeko bidea erabat elurtuta dago eta goian, gutxienez metro bateko elur kapa neurtu du Urbiako Fondako Aritz Altube langileak. "Metro bat gutxienez leku guztietan bota du. Fondako kanpoaldeko mahaiak 80 zentimetrora daude eta guztiz estalita daude", azaldu du Altubek.

Errege Egunetik hasita jende pila ibili omen da bertan, eguraldia ere lagun izan delako. Arantzazutik Urbiara igotzeko bidea "txukun" dagoela dio, elur-hautsa mantendu eta izotzik sortu ez delako. "Zapatilekin ere ez dago inolako arazorik Urbiara igotzeko", nabarmendu du.

Eskiatzaile asko omen dabil Urbian azkenaldian eta jende gaztea koadrilan etortzen omen da elur-erraketekin ibiltzera. "Umeak ere etortzen dira, baina behealdean hainbeste elur egin duenez, gurasoek ez daukate haurrekin Urbiaraino igotzeko premiarik elurrarekin jolasteko", esan du.

Kirola egin ostean hamaiketakoa egitera edo bazkaltzera joaten da eskiatzaile asko Fondara. "Goizean jendea txorizo pintxoa eta salda hartzera etortzen da, eta beste batzuk plater konbinatuak edo ogitartekoak bazkaltzen geratzen dira. Orain eguna nahikoa motza denez, arratsaldean azkar aldegiten dute hemendik", azaldu du.

Nagusiki Debagoieneko jendea izaten omen dute bertan, baina bizkaitarrak ere gero eta gehiago joaten dira Urbiara. "Goierri aldeko jendea ere etortzen da eta baita Gasteiz ingurukoak ere", esan du.

Fondara janaria eramateko arazoak izaten ari dira bertako langileak. "Arabatik Urbiara joateko bidea Araiatik egin ohi dugu kotxez, baina abenduaren 25az geroztik ezinezkoa da. Ordutik hona, jendea bezalaxe Arantzazutik motxilan gauzak ekarriz gabiltza geu ere, hori baita gertuen dagoen puntua. Garraio lan hori bi edo hiru lagunen artean egiten dugu, baina batzuetan bost lagun ere elkartu izan gara guztia eraman ahal izateko, elurretako motorra ez baitugu askotan erabiltzen arazoak ematen dituelako", adierazi du Urbiako Fondako Aritz Altubek.