Euskaraldiaren antolatzaileek positiboki baloratu dute azaroaren 20tik abenduaren 4ra arte ospatu zen bigarren edizioa, andemiak baldintzatuta izan dena. Lehenengoan baino udalerri gehiagotan antolatu da Euskaraldia eta zailtasunak egon badira ere, aurtengo berrikuntza izan diren ariguneek ere zeresana eman dute gizartean.

Guztira 179.780 lagunek eman dute izena edizio honetan eta 15 egun horietan Euskal Herriko ahobizi (parte-hartzaileen %77a) eta belarriprestek (parte-hartzaileen %23a) egindako ariketa soziala berriro ere "masiboa" izan dela azpimarratu zuten antolatzaileek abenduaren 4an Bilboko EHUko Ingeniaritza Eskolan egin zuten agerraldian.

Garrantzitsua izan da egoera berezi honetan Euskaraldia ospa-tzea, hizkuntzarentzat onuragarria izan baita. "Alde batetik, herritarrek hizkuntzari buruzko gogoeta eta ariketa bera egiteko balio izan du, urrats berriak emateko. Eta bestetik, pandemia honen erdian euskarari presentzia emateko eta gure agendara ekartzeko ere garrantzi-tsua izan da", azaldu dio egunkari honi Arrate Illaro Euskaraldiko koordinatzaileak.

Aurtengo ariketak "herri gogoa" erakutsi du, egoera berezi honetan jende asko aritu baita Euskaraldia behar bezala antolatzeko lanetan. "Herritar asko aktibatu dira batzordeetan boluntario gisa lanean ari-tzeko, entitateetan ariguneak osa-tzeko eta ekimenean parte hartzeko", nabarmendu du Illarok. Datuei erreparatuz, nabarmentzekoa da izena eman dutenen %62 emakumezkoak direla eta apuntatu direnen %29k lehenengo aldiz hartu duela parte Euskaraldian.

2020an ezin izan dira euskalgin-tzako proiektu guztiak egin eta ba-tzuk bertan behera geratu behar izan dira. Baina egin direnak aurrera eramatea "funtsezkoa" dela esan du Illarok: "Euskaraldiak, baldintzatuta bada ere, ematen zigun egiteko aukera, azken finean ez delako oinarritzen milaka pertsona leku berean elkartzean. Norberaren eguneroko praktikan oinarritzen da eta alde horretatik, uste dut onuragarria izan dela".

Aurtengo berrikuntza izan diren ariguneak antolatzeko ere zailtasunak egon dira, Illarok azaldu duenez. Entitate askok hainbat hilabetetan euren jarduna eten egin behar izan dute, eta eten ez duten ugarik tele-lanaren bidez jarraitzen dute lanean. "Egoera horretan zailagoa da hizkuntzari buruz elkarrekin gogoeta egin, adostasuna lortu eta ariguneak sortzea. Gainera, ariguneak osatu dituzten entitate batzuk ezin izan dute ariketa elkarrekin egin 15 egun hauetan ateak itxita izan dituztelako", deitoratu du.

Edizio honetan Euskal Herriko 6.700 entitate baino gehiagok hartu dute parte eta 25.091 arigune eratu dituzte 8.200 egoitzatan. Antolatzaileek entitateekin balorazioak egiteko asmoa dute orain eta edizio honi buruzko ikerketa ere martxan dago.

"Ariguneen prozesuan 15 egun hauek garrantzitsuak izan dira, baina aurrekoa eta ostekoa ere oso inportantea da. Arigune bat osa-tzeko bi ardura mota eskatu ditugu: alde batetik, taldeko kideek elkarrekin adostea eta bestetik, entitate horretako zuzendaritzak hori babestea ahalbidetzea eta erraztasunak ematea. Gogoeta egitea eta adostasuna lortzea bera ere uste dut kasu askotan oso interesgarria dela", nabarmendu du.

Neurri horretan, entitate mota guztietan euskaraz aritzea posible izan dadin Euskaraldiak lanean jarrai-tzeko "bide interesgarri bat" zabaldu duela uste du Illarok.

Euskaraldian zehar egunkari honek ariguneak osatu zituzten hainbat entitaterekin hitz egin zuen haien funtzionamendua nolakoa izango zen jakiteko. Horietako bat Zumaiako GKN Automotive enpresa izan zen eta hamar arigune antolatu zituzten bertan. Automobilgintzara dedika-tzen den enpresa bat da eta 410 langile ditu. Horietako 30ek hartu zuten parte Euskaraldian: zortzi pertsona belarriprest izan ziren eta 22 ahobizi.

"Aurtengo egoera berezia da, ba-tzuk lanaldi osoa egiten dute enpresan bertan, baina besteok lanaldi mistoa dugu. Hori kontuan hartuta, ariguneak osatzea oso mesedegarria izan dela esango nuke", azaldu du Ianire Flores GKN-ko Giza Baliabideetako langileak.

Euskara egunerokoan baino presenteago egotea lortu dute bertan ariguneak eratzeatekin batera. "Espero ez nuen jendea txapa eska-tzera etorri da eta sorpresa hartu dut. Ariguneak sortze horrekin jendea pixka bat kateatu egiten da eta harrera ona izan du ekimenak", nabarmendu du Floresek.

Euskaraldiak iraun duen bitartean nabaritu duten aldaketa handiena zuzendaritzako taldean izan da, pantailan aurkezpenak euskaraz jarri dituztelako. "Gainera, euskara ba-tzordeak egunero euskara hutsean posta elektroniko bat bidali du 15 egun horietan. Normalean, hemengo mezu guztiak euskaraz bidaltzen dira lehenengo eta gero gaztelaniaz. Beraz, euskara hutsean posta elektroniko bat bidali dugun lehenengo aldia izan da", esan du Floresek.

Ariguneak osatu dituen beste entitate bat Matia Fundazioa izan da. 30 arigune osatu zituzten egoitzen sarean eta 150 lagun inguruk hartu dute parte Euskaraldian. Ainhoa Arrillaga Matiazaleak-eko dinamizatzaileak eta June Urdangarin Iza zentroko gizarte langileak ariguneek behar bezala funtzionatzea "zaila" izan dela nabarmendu dute.

"Pandemiak gogor kolpatu gaitu eta Euskaraldiak iraun zuen bitartean zentroetan kasu positiboak izan genituen. Horrek indarra pixka bat desbideratzea eragin du eta Euskaraldiak gurean hain presentzia handia ez izatea", azaldu du Arrillagak.

Egon diren urgentzien ordorioz, ariguneek "erdizka" funtzionatu omen dute Matia Fundazioan. "Arigune batzuk ondo funtzionatu dute lehendik ere euskal hiztun asko daudelako, baina belarriprest asko dauden tokian ez da hainbesteko joerarik egon", gehitu du Arrillagak.

Langile askok "pena" sentitu dute Euskaraldia indar gehiagorekin ospatu ezin izan dutelako, entitatean euskararekiko sentsibilizazioa handia denaren seinale. "Ezin izan dugu nahi genuen guztia egin Euskaraldiaren inguruan, eta jendea horretarako gogoz geratu da", esan du Urdangarinek.

Hala ere, Euskaraldiarekin lotutako ekintza txikiak egiteko aukera izan dute bertan. Adibidez, Bermingham Eguneko Zentroan egoiliarrek Guk euskaraz, zuk zergatik ez? abestia abestu zuten Euskaraldiko egun batean eta sare sozialetara igo zuten bideoa jarraian. Gainera, ekimeneko logoarekin argazki galeria bat ere osatu zuten bertako langileek eta egoiliarrek.

"Ariguneak' osatzeko gogoeta egitea eta adostasuna lortzea oso interesgarria da"

Euskaraldiko koordinatzailea

"Euskara batzordeak egunero euskara hutsean posta elektroniko bat bidali du "

GKN-ko Giza Baliabideetako langilea

"Pandemiaren ondorioz, Euskaraldiak gurean ez du hain presentzia handia eduki"

Matiazaleak-eko dinamizatzailea