- Gaur egun, instalazioak irekita baleude ere, Gipuzkoako eskiatzaile bati ezinezkoa litzaioke Espainiako estazioetara joatea, EAEren perimetro-itxieragatik. Eta Frantziako estazioren batera joateko aukerarik ere ez luke izango, bertako agintariek galarazi egin baitiete eski-zentroei instalazioak irekitzea, eta gutxienez urtarrilaren erdialdera arte itxita jarraitzeko asmoa omen dute (nahiz eta eztabaida oraindik ere irekita dagoen).

Andorrara joateak ere ez luke bermatuko eskiatu ahal izatea: Grandvalira eta Ordino-Arcalis-eko estazioak itxita daude, irekitzeko datarik zehaztu gabe, eta Vallnord Pal Arinsale-n abenduaren 19a aipatu dute, baina aurretik ere, iragarritako irekiera atzeratu egin behar izan zuten.

Kataluniako eskiatzaileek dute une honetan elurraz gozatzeko aukerarik onena, Lleida eta Gironako zenbait estaziok hilaren 9an zabalduko dutela iragarri baitute -Boi Taul, Espot Esquí, La Molina, Masella, Port Ainé, Tavascán eta Vallter 2000, besteak beste-; Baqueira Beret, neguko eski-gune erraldoiak, berriz, hilaren 11ean, ostiralez, pista batzuk irekiko dituela iragarri du.

Kataluniako Pirinioen mesedean, dagoeneko elur nahikoa badutela; ezin dute horrelakorik baieztatu, hurbiltasunagatik eskiatzaile gipuzkoarrentzat ohikoenak diren Aragoiko Pirinioetako eski-estazioek. Elur eskasia hori agian asteburu honetan konponduko omen da, prezipitazioak iragarrita daudenez. Inolaz ere, elur premia eta pandemiak eragindako ziurgabetasuna kontuan izanda, hainbat estaziotako langileak ERTEn daude une honetan, denboraldia baldintza egokietan noiz hasiko zain.

Eztabaida Europan

Joan den astean, Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak Europa osoan erabakia adostea proposatu zuen eski-estazioak gutxienez urtarrilera arte itxita mantentzeko, turismo-jarduera horren inguruko kutsatzeak saihestu asmoz. Aldez aurretik ere jakitun zen, mugakide duen Austria kontra izango zuela, neguko jarduera horri etekin handia ateratzen diotelako.

Merkelen proposamenak Alemanian bertan ere iritzi kontrajarriak eragin zituen. Turismoaren sektore horretatik aldarrikatzen denez, mendian egiten den kirola da, beraz, kutsatzeko arrisku gehigarririk gabekoa; baina Bavariako lehen ministroak, Markus Söder kontserbadoreak, beste Ischgl bat sortzeko arriskua azpimarratu zuen. Austriako estazio turistiko horretan Europa osoko milaka turista kutsatu ziren birusaren lehen oldean.

Itxieraren aldekoek onartzen dute eskiatzea ez dela berez kutsatzeko arrisku-jarduera; ez da, ordea, gauza bera gertatzen estazioetan kirol eguna amaitu eta gizarteratzea hasten denean.

Espainiako estazioetan ez dago Gabonetan ixteko erabakirik. Gobernu autonomikoen iritziz, oro har, eskiatu ondorenerako nahikoa da jatetxeetan eta aisialdian nahitaez bete beharreko neurri berberak aplikatzea. Gainera, jakitun dira, eskia-tzaileak joan ahal daitezen, COVIDaren aurkako oso protokolo zorro-tzak ezartzen ari direla eski-estazioetan.