DONOSTIA - Maite Peña Gizarte Politiketako foru diputatuak Gipuzkoako Foru Aldundiak agindutako kanpo ebaluazioa aurkeztu du gaur Batzar Nagusietan; bertan, COVID-19ak lurraldeko gizarte baliabideetan izan duen eragina jasotzen da, osasun krisiaren balantzearen eta sortutako egoeren ebaluazio osoaren bidez. Agerraldian Maite Peñarekin batera, Javier Castro eta Alejandro Gomez Ordoki txostenaren egileak izan dira; egileek ikerketaren emaitza nagusiak aurkeztu dituzte eta, ondoren, diputatuak ikerketa horretan jasotako gomendioetan oinarrituta proposatutako eta abian jarritako 25 neurri "urgente eta osagarriak" azaldu ditu. Neurri horien artean, arreta ratioak indartzea nabarmentzen da, hala nola bisitak areagotzea, "gure helburua egoiliarren segurtasunaren eta ongizate emozionalaren arteko oreka bilatzea delako", azpimarratu du diputatuak.

"Kanpoko ebaluazioa da eta 360 graduko ikuspegia jasotzen du. Gizarte Politiketako Departamentuaren mandatuz egin da, eta haren helburua da osasun krisiaren eraginak identifikatzea, hainbat ikuspegitatik". Horregatik, Peñak gaineratu duenez, metodologia parte hartzailea landu da, eta egoitzen ardura duten taldeen, erabiltzaileen, haien familien eta egoitza zentroetan lan egiten duten profesionalen iritzia eta esperientzia jaso dira, inkesten, talde dinamiken eta elkarrizketa pertsonalen bidez.

Era berean, lurraldeko talde politikoekin, sindikatuekin, egoitzen erakunde kudeatzaileekin, hirugarren sektoreko erakundeekin eta familiekin kontrastatutako lan prozesua izan da. Agerraldian, Castrok eta Gomez Ordokik, ebaluazio azterketa egin duten kanpoko adituek, ateratako ondorio nagusiak aurkeztu dituzte, baita irakaspenak eta gomendioak ere. Sistema soziosanitarioak hainbat irakaspen aurreratu, kudeatu, ebaluatu eta ateratzeko duen gaitasuna aztertzen du ikerketak, eta bere interesa "aparteko baldintzetan politika sozialetan berritzeko" informazio garrantzitsua lortzean datza, adierazi du Peñak.

Ondorio nagusien artean, hiru nabarmentzen dira: erreakzionatzeko gaitasun handia, aurrea hartzeko gaitasun txikiaren aurrean; gizarte euskarri handia, koordinazio soziosanitarioaren ahultasunaren eta krisiaren hasieran babes material orokorraren gabeziaren aurrean; eta pandemiak eragindako inpaktu ekonomiko, antolakunde, psiko-emozional eta teknologiko handia. Diagnostiko horrekin, hainbat irakaspen eta gomendio atera dira eta, horren ondorioz, Foru Aldundiak 25 neurri osagarri hartu ditu, eta inplikatutako eragileei berehala hartzea proposatuko die, "egoiliarren arreta indartzeko eta bizi kalitatea hobetzeko", zehaztu du diputatuak.

25 NEURRI OSAGARRI

Diputatuak gogorarazi duenez, orain arte hartu diren neurri guztien eta aurreikusita daudenen helburua "egoitzen barruan bizitza gero eta normalizatuagoa lortzeko bidean aurrera egitea" da. Martxoan aktibatutako Txoke Planean eta Zaintza eta Alerta Sisteman kokatuta daude; "tresna horiek etengabe berrikusten eta egokitzen ari dira, hainbeste zalantza eragiten digun egoera aldakor honek eskatzen diguna oinarri hartuta”, adierazi du Maite Peñak. Era berean, prebentzioan sakontzen eta arduraz eta zuhurtziaz lan egiten jarraitzea "ezinbestekoa" dela azpimarratu du.

Neurri garrantzitsuenetako eta eragin handieneko bat duena egoitzetako arreta ratioen igoera da, % 10 inguruko batez besteko igoera izango baitu. Egoitza sarean 417 plaza huts finantzatzeko eta eskuratzeko neurria hartu da, helburu bikoitzarekin: zentro guztietan isolamenduak erraztea eta ratioak indartzea, COVID-19ak eguneroko bizitzako oinarrizko jardueren arretan izan duen eraginari aurre egiteko. Neurri horrek "arreta indartzeko 275 langile gehiago izatea dakar. Hau da, egunean 18 minutu gehiago egoiliar bakoitzeko, egungo ratioa indartzeko. 275 pertsona horietatik 214 zuzeneko arretan izango dira eta 12 milioi euro inguruko kostua izango dute", azaldu du. Bestalde, gogorarazi du 2020an egoitza zentroen tarifa % 1,7 igo dela, atzeraeraginezko ondorioekin, eta langileen soldaten igoerari eragingo diola, 3 milioi eurotan guztira.

Foru Aldundiak azken hilabeteetan egin duen beste apustu "indartsu" bat egoiliarrek beren familiekin duten harremana areagotzeko hartutako neurriei buruzkoa da eta, horretarako, bisitak eta irteerak indartuko dira. Zentzu horretan, Gabonei begira bisitetara joaten diren pertsonen kopurua bikoiztu egingo da, bisita birtualak indartuko dira, eta kanporako irteerak egiten jarraituko da, "udalekin batera, egoitzetatik gertu dauden parke, pasealeku eta plazetan sortzen ari garen espazio seguruei esker", azpimarratu du Peñak. Gabonetarako bisitak indartzeaz gain, Aldundia jarduera programa berezi bat prestatzen ari da, adinekoen ongizatea hobetzeko, "pandemiaren ondorioak arintzeko eta haien ongizate fisikoa, emozionala eta erlazionala sustatzeko" .

Aldundiak azken hilabeteetan landu duen beste gai bat egoiliarren familiekiko komunikazioa eta koordinazioa izan da. Horretarako, erabiltzaileentzako eta senideentzako partaidetzazko ebaluazio sistema berri bat aktibatuko da, eta familiekiko, langileen ordezkariekiko eta zentroetako talde arduradunekiko komunikazioa indartu da, erabakiak hartzeko kontraste taldeen bidez, "gobernantza eredu parte hartzaileago eta kolaboratiboago baterantz aurrera egiteko".

Babes materialaren banaketari eta hornidurari dagokienez, Gipuzkoako Foru Aldundiak 30 milioi unitate erosteko lizitazioa egin du, datorren urtean zentro guztiak bi hilean behin hornitzea "bermatzeko". Gainera, Foru Aldundiak COVID-19aren kasu positiboen detekzio goiztiarrean sakontzen jarraitzen du, PCR proben prebentzio mapaketa masiboen bidez, DYArekin lankidetzan. Zentzu horretan, langileen artean proba gehiago egingo direla nabarmendu du diputatuak, eta gaineratu du, hasieran, astean 800 proba egiteko gaitasuna zegoela, eta "orain, berriz, 5.000 PCR inguru egiten direla astero".

Amaitzeko, diputatuak azaldu du Txoke Plana indartzeko neurri osagarriak hartuta, 25 milioi euroko inbertsioa egingo dela, eta horri pandemia hasi zenetik inbertitutako 14 milioi euro gehitu beharko zaizkiola, Gipuzkoako gizarte zerbitzuetan COVID-19ari aurre egiteko.