- Gazteen Euskal Behatokiak atzo argitaratu zituen, pandemiaren bigarren olatuari buruz zer iritzi duten jakiteko, 15 eta 34 urte bitarteko gazteei egindako inkestaren datuak. Erakunde horrek kolektibo honetan egindako bigarren ikerketa da, martxoan, etxeko konfinamendu betean egindakoaren ondoren.

Oraingo honetan, inkesta Whatsapp bidez zabaldu zen, eta 1.423 gaztek erantzun zioten. Urriaren 30etik azaroaren 4ra bitartean egin zen, bigarren alarma egoera, gaueko etxera-tze-agindua eta udalerrien arteko mugikortasun-debekua indarrean zeudenean; artean, ez oraindik, ostalaritzaren itxiera.

Emaitzetan, Euskadiko gazteen %70ak amorrua eta haserrea sentitzen du koronabirusaren pandemiak sortutako egoerarekin; %68k kezka eta beldurra du, %55ak tristura eta bakardadea, eta %52k antsietatea. %31k soilik erantzun du egoera baikortasunez eta itxaropenez bizi duela, eta %84k baino gehiagok adierazi du pandemiaren erantzule sentitzen dela. Gainera, oro har, gehienak ados daude murrizketekin, gehien babesten dituztenak 25 eta 34 urte bitarteko gazteak badira ere. Hala, %80 ados dago maskararik ez daramatenei edo behar bezala eramaten ez dutenei isuna jartzearekin, eta bat datoz alarma egoerarekin. Gainera, botiloiak ekiditeko parkeak 23.00etan ixteak (inkesta egiterakoan indarrean zegoen neurria) %78ren babesa jasotzen du, eta gazteen lonjak ixteak, %71rena.

Hala ere, 20 eta 24 urte bitarteko gazte gehienak ez daude ados gaueko mugikortasunaren mugarekin (%56,4), eta 15-19 urteko taldean an-tzeko portzentajean (%53,6). 20 urtetik beherako gazteen %55,1ak baztertu egiten du bilerak sei pertsonara mugatzea, eta 20 eta 24 urte bitartekoen %56,9k ez du bat egiten perimetro-konfinamenduarekin. Balizko konfinamendu osoaren inguruan galdetuta, %68,6 ez dago ados.

Ia gazte guztiak jabetzen dira aisialdiko praktika batzuek, hala nola botiloiek, dakarten arriskuaz; %94,6k uste baitu kutsatzea oso edo nahikoa erraza dela. %87,6k uste du garraio publikoa kutsatze-fokua dela, eta %76k, berriz, familia-bilerak. Hain zuzen ere, %63,8k adierazi du murriztu egin dituztela elkarbizi ez diren senideei egindako bisitak, koronabirusa dela eta. Era berean, hamar gaztetik zazpi ados daude kutsatzeak saihestea gobernuen esku baino gehiago pertsonen esku dagoela aipatzerakoan.

Azkenik, gehienen ustez (%67,6) egoera hau baliatzen ari omen dira pandemiaren aurretik baino lan-baldintza okerragoak eskaintzeko. Aldiz, ez dago jarrera zehatzik, pandemia eskubideak eta askatasunak mugatzeko baliatzen ari ote den, edota poliziaren kontrol handiagoa behar den zehazterako orduan; gazteak erdibituta agertzen dira baieztapen horiekin ados daudenen eta ez daudenen artean.