- Aurreko irailera arte GIBa 257 kasu positibo identifikatu dituzte Euskadiko farmazietan 2009ko martxotik egiten den test lasterren bidez detektatzeko programan. Harrez gero, 29.644 proba egin dira guztira.

Hori horrela izanik, emaitza positibo guztien prebalentzia %0,9koa da hamar urte luzeko aldi osoan, Gipuzkoako Farmazialarien Elkargoak jakinarazi duenez.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak sustatu du egitasmoa, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako farmazialarien elkargoekin lankide-tzan, eta 60 farmaziatan dago eskuragarri: bederatzi Araban, 32 Bizkaian eta 19 Gipuzkoan.

Programa hau arrisku-praktikaren bat izan duen edozein pertsonari zuzenduta dago, eta baheketa-zerbitzu “fidagarria eta eskuragarria” eskaintzen du, “bai hurbiltasun geografikoari dagokionez, bai ordutegi-arretari eta emaitzaren azkartasunari dagokionez ere”.

Hala ere, COVID-19aren pandemiak egitasmo honi ere eragin dio, aurretik urtean 2.000 proba baino gehiago egiten baitziren. Osasun sistema orokorrean aurrez aurreko arretan jasandako talkak eragin nabarmena izan du farmazietan ere, eta aldi honetan erabiltzailearekin harreman zuzenik ez duten beste zerbitzu batzuk lehenetsi dituztefarmazietan.

Hala, 2020ko irailera arte kontabilizatutako datuen arabera, aurten egindako testek beheranzko joera erakusten dute; guztira 792 test egin dira (116 Araban, 266 Gipuzkoan eta 410 Bizkaian). Progra horien ondorioz EAEko farmazietan hamar positibo antzeman dira aurten.

Aurtengoa oso aparteko egoera izan arren, beste urte batzuetan behatutako datuek bere horretan jarraitzen dute, testa eskatzen duten erabiltzaileen profilari dagokionez. Farmazietara proba egitera joaten diren pertsonen %23,2 HSH dira (beste gizon batzuekin sexua izan duten gizonak), %43,4 gizon heterosexualak (HTX) eta %25,2 emakumeak.

Era berean, aurreko urteetan bezala, emaitza positiboak HSHen kolektiboari dagozkio gehienbat (%59,35).