DONOSTIA. Azaroaren 20an hasiko den Euskaraldiaren bigarren ediziorako 190 arigune sortu dira Gipuzkoako Foru Aldundian, zeinetan parte hartuko duten 1.140 langilek, gaur goizean Hizkuntza Berdintasuneko foru zuzendariak, Garbiñe Mendizabalek, ezagutzera eman duenez. Nabarmendu duenez, Aldundiko langileria osoaren %60k hartuko dute parte ekimenean. Hizkuntza ohiturei buruzko gizarte ariketa masiboa hasteko hamar egun falta diren honetan, foru erakundeak berretsi egin du Euskaraldian "modu aktiboan" hartuko duela parte, "lehentasun argi" batekin parte hartu ere: Aldundian bertan euskarak laneko hizkuntza gisa "jauzi" bat eman dezan sustatuz.

Mendizabal Eider Mendoza foru bozeramailarekin batera agertu da gaur goizean, Diputatuen Kontseiluan hartutako erabakien berri emateko asteroko prentsa agerraldian. Bertan, Mendizabalek adierazi duenez, otsailean Aldundiak ariguneak sortzeko prozesua abiarazi zuenetik, departamentuz departamentu talde eragileak sortzen joan dira, modu koordinatuan. Ondoren, kanpo eta barne ariguneak identifikatuko dira eta langileen adostasuna lortu ostean, talde hauek aktibatzeko neurriak hartu dira. Mendizabalek gogoratu du ariguneak euskaraz lasai aritzeko guneak direla, hau osatzen dute pertsona guztiek euskara ulertu eta denek edo gehien-gehienek ariketa taldean egitea erabaki baitute.

"Langileen partaidetza zabala izaten ari da eta eskertu nahiko nuke haien inplikazioa, baita antolakuntza lanetan diharduten guztiena ere. Arigune bakoitzak bere helburuak finkatuko ditu baina, oro har, hizkuntza Praktikak euskarara aldatzea edo finkatzea izango dute helburu", aipatu du foru zuzendariak. Hain zuzen ere, Euskaraldia amaitu ostean, balorazioa jaso eta hizkuntza ohitura berri hauek egonkortzeko mekanismoak aztertuko dira.

Mendizabalek dei egin die herritarrei ahobizi edo belarriprest bezala Euskaraldian parte hartzeko, oraindik ere badelako horretarako tarterik. "Tresna berritzaile bat da, lankidetzan oinarritua, herritarren hizkuntza ohiturak aldatu eta euskararen erabileran urrats bat aurrera egiteko, gure lurraldearen hizkuntza egoeran berdintasun orekatuago bat lantzeko", esan du.