- Atzo aurkeztu zuten Donostian hizkuntza-teknologien arloko ikerketa-zentro "erreferentea" den UPV/EHUko HiTZ zentroa. Transformazio digitalaren eta adimen artifizialaren erronka eta aukera berrien aurrean, hizkuntza-teknologien ikerketan sakontzeko asmoz sortu da ikerketa-zentro berria, eta Donostiako Informatika Fakultatean du egoitza. UPV/EHUko bi ikerketa-talde batu ditu proiektu berri honek: IXA taldea eta Aholab, eta 60 kide inguru biltzen ditu, irakasle, ikertzaile, teknikari eta doktoretza-ikasleak kontuan hartuta.

HiTZ aurkezteko ekitaldian, Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak, Nekane Balluerka EHUko errektoreak, Markel Olano Gipuzkoako Ahaldun Nagusiak, Eneko Goia Donostiako alkateak eta Eneko Agirre HiTZ zentroko zuzendari eta IXA taldeko irakasle osoak hartu zuten parte.

Zentroa orain sortu bada ere, hura osatzen duten ikerketa-taldeak aspalditik dabiltza lanean. IXA taldeak 30 urteko ibilbidea du idatzizko edukien tratamenduan, eta Aholab taldeak 1998tik dihardu ahozko edukien tratamenduan. 2002az geroztik lankidetzan ari dira bi ikerketa-taldeak, eta orain HiTZ zentroan bat egin dute. "Ohituta gaude gaur egun telefonoari ahotsez hitz egiten baita autoari ere. Horrek aukera handiak sortzen ditu gure lurraldearentzat", nabarmendu zuen Agirrek.

Zentroaren helburu nagusiak "nazioartean hizkuntza-teknologietan erreferente izatea" eta "euskararen inguruko teknologia konputazionaletan aurrerabidea egitea" izango dira, zuzendariaren hitzetan.

Hainbat aplikaziotan idatzizko eta ahozko edukiak erabili behar izaten dira, eta, horrenbestez, IXA eta Aholab taldeek elkarrekin eta modu osagarrian lan egin izan dute proiektu askotan, "punta-puntako" aplikazioak lortzeko. Egun, 36 ikerkuntza-proiektutan dihardute lanean, horietako seitan Europan eta Estatu Batuetan. Azken urtean 78 artikulu sortu dituzte, eta maila goreneko aldizkari eta kongresuetan argitaratu dituzte. Hizkuntza-teknologien gaia ertz askotarikoa izanik, diziplinarteko adituen talde zabala biltzen du HiTZek: informatikariak, hizkuntzalariak, ingeniariak, itzultzaileak eta soziologoak, besteak beste. 60 kide inguru dira denera, teknikariak eta ikertzaileak kontuan hartuta.

Hiru alor nagusitan aritzen dira jardunean HiTZ zentroan: formakuntzan, ikerketan eta teknologiaren transferentzian. Formakuntzari dagokionez, Erasmus Mundus labeldun nazioarteko masterra eskaintzen dute, hizkuntzaren teknologien inguruko doktorego-programa; baita Deep Learning tekniken inguruko nazioarteko ikastaroa ere.

Ikerketan, hizkuntza-teknologietako punta-puntako hainbat adarretan dabiltza lanean, informazioaren erauzketa eta analisitik hasi eta gizaki-ordenagailu elkarrizketetaraino, itzulpengintza automatikoa ere landuz. Azkenik, teknologiaren transferentziaren alorrean, enpresei ideia berritzaileen inguruan aholkulari-tza ematen diete, eta baita prototipo industrialak sortzen lagundu ere. Iaz, 34 kontratu izan zituzten hainbat enpresekin.

Hizkuntzen teknologiaren bidez, mundu digitalean euskararen presentzia bermatzea ere bada noski, HiTZen helburu nagusia. Hori kontuan izanik, oinarrizko baliabideak eta tresnak sortu eta mantentzen ditu, eta hizkuntzaren teknologiak bultzatzeko egitasmoa ere lantzen ari da.

HiTZ. Transformazio digitalaren eta adimen artifizialaren erronka eta aukera berrien aurrean, hizkuntza-teknologien ikerketan sakontzeko asmoz sortu da HiTZ ikerketa-zentro berria.

Nork hartzen du parte. UPV/EHUko bi ikerketa-talde elkartu dira proiektu hau aurrera eramateko: alde batetik, ida-tzizko edukien tratamenduan 30 urte lanean daramatzan IXA taldea; eta bestetik, 1998tik ahozko edukien tratamenduan lanean dabilen Aholab taldea.

Helburuak. Zentroaren helburu nagusiak "nazioartean hizkuntza-teknologietan erreferente izatea" eta "euskararen inguruko teknologia konputazionaletan aurrerabidea egitea" izango dira.