- Online apustuen eta ausazko jokoen ikus-entzunezko publizitatea arautzeko Errege Dekretua onartu zuen Gobernuak, eta ezarritako ordutegitik kanpo, 01:00etatik 05:00etara, debekatu egiten du. Ez-betetzeak larriak izango dira, eta joko-operadoreei 100.000 eta milioi bat euro arteko isunak jarri ahal izango zaizkie, baita Espainian jarduera gehienez sei hilabetez etetea ere.

Horiek dira, Alberto Garzon Kontsumo ministroaren arabera, errege dekretu horren premisarik garrantzitsuenetako batzuk; orain arte jokoaren operadoreen ikus-entzunezko publizitatearen sektorean nagusitu den "oihanaren legeari amaiera emateko".

Garzonek Ministroen Kontseiluaren ostean esan zuenez, Gobernuak uste du "modu justifikatuan" sortu zen alarma sozialari eran-tzuten diola arauak. Helburua, herritar ahulenen osasuna babestea da: adingabeak, gazteak eta mendekotasunen patologia duten pertsonak.

Dekretuak debekatu egiten du bezeroak erakartzeko sustapen-bonuak jaulkitzea. Erregistratutako eta egiaztatutako bezeroei soilik bidali ahal izango dizkiete enpresek eskaintzak, eta inola ere ez jokoaren inguruko jardunbide patologikoak izan dituztenei.

Baimendutako tartean igortzen diren publizitate-mezuek, gainera, edukia doitu beharko dute sektore ahulenak babesteko; izan ere, Kon-tsumotik jakinarazi denez, azken lau urteetan, hirukoiztu egin baitira Espainian publizitatean, sustapenean eta babesletzan egindako inbertsioen kopuruak.

Kontsumotik emandako datuen arabera, inbertsioaren igoera horrekin batera, jokoaren jarduerak ere gora egin du 18 eta 25 urte bitarteko gazteen artean.

Adibidez, 2017an, jokalari berrien %28 adin-tarte horretakoak ziren, eta bi urte geroago, kopurua hamabi puntu handitu da %40an kokatuz, Ministerioaren datuen arabera.

Lege berriak telebistan eta irratian egindako Interneteko jokoaren publizitatea barne hartzen du, goizaldeko tarte horretara mugatuz.

Prentsa idatzi ez-espezializatuko publizitatea soilik onartuko da edizioa autonomikoa denean eta arau autonomikoak eragozten ez duenean. Praktikan, gehienak debekatuta daude, horrelako publizitatea debekatzen duten lege autonomikoak badaudelako.

2011ko Jokoaren Legearen 7. eta 8. artikuluak garatzen dituen errege-dekretuak jasotzen duenez, kirol-klubek ezin izango dute joko-operadoreen publizitaterik erakutsi beren ekipamenduetan, ezta pertsona ospetsuek promoziorik egin ere.

Garzonek zehaztu duenez, publizitate kontratuak indarrean dituzten futbol taldeek denboraldia amaitu arte, abuztura arteko epea izango dute kontratu horiek amaitzeko aukera.

Ministroak aipatu duenez, epe hori "zentzuzkoa" omen da, eta Estatu Kontseiluak eskatuta adostu dute.

Debekatuta dago postaz publizitatea egitea eta posta elektronikoz bidalitakoa interesdunaren baimenarekin bakarrik igorri ahal izango da, eta inoiz ez interesdunak arrisku-portaerak izan baditu.

Interneteko publizitatea joko-operadoreen atarietara mugatzen da, sare sozialetako profilak ere baztertuz. Youtube bezalako bideo-plataformetan, beste publizitate-euskarrien ordutegi berdinera mugatuko da.

Adingabearen babesa bermatzeko, gurasoen kontrola ezarriko da lineako publizitatean, ausazko jokoen kategoria identifikatzen duten mekanismoen bidez.