BAIONA. 900 kasu berri agertu ziren atzo Iparraldea eta Biarnoa lotzen dituen Pirineo Atlantikoetako departamenduan. Aste bateko etxeratze agindua indarrean izan ondoren, Frantziako estatu osoan bezala, izurritea ez dagoenez gehiago kontrolpean, gutxienez lau asteko bigarren konfinamendua hasi zen atzo Ipar Euskal Herrian, udaberrikoa baino malguagoa.

Unibertsitateek, saltegi txikiek, jatetxeek, kiroldegiek, toki publiko gehienek, antzokiek, erakustokiek eta zine aretoek ateak hetsi behar izan dituzte eta biltzarrak egitea debekatua da. Otoitz lekuak zabalik daude bainan 30 lagunek baizik ezin dute ehorzketa batean parte hartu eta ezkontzetan seik, besterik ez.

Ipar eta hego Euskal Herriaren arteko muga zabalik egon arren, atzo Éric Spitz Frantziako gobernuak Pirineo Atlantikoetan duen ordezkariak Gipuzkoara ez joatea eskatu zuen "Frantziako herritarrek beren etxetik kilometro batera egon behar dute. Espainiara joaten badira, bertako legea errespetatu behar dute eta ezin lukete udalerri batetik bestera joan. Datorren astean, Europako kanpo gaietarako ministroak bilduko dira mugen gai hori aipatzeko". Lapurdi, Baxenabarre eta Zuberoko lantegi gehienak eta haurtzaindegiak zabalik daude, eta egunotako omiasainduko oporren ondotik, ama eskolak, lehen eta bigarren maileko ikastegiek ateak irekiko dituzte berriz astelehenean. Lehen aldiz, 6-12 urteko haurrek musukoak jantzi beharko dituzte ikasgeletara sartu ahal izateko. Familiek egunero bi maskara eman beharko dizkiete gaztetxoei, eta eskoletan zenbait musuko egonen dira, halere, norbaitek ahantziko balu edo norbaitek ezin badu babesik erosi arazo ekonomikoengatik. Baiona, Angelu eta Miarritzeko herriko etxeek zenbait musuko banatuko dizkiete bertako familiei.

Joan den udaberrian bezala, hetsialdiaren garaian herritarrak etxetik atera ahal izanen dira agiri batekin eskuetan, adibidez, medikuarengana, lanera, erosketak egitera edo zailtasunean dagoen norbait laguntzera joateko. Baimen berezia paperean dago eta #TousAntiCovid aplikazioan. Egunean oren batez atxetik atera daiteke kirola egiteko bainan egoitzatik kilometro batean, ez gehiago. Zahar etxeetan bizi direnengana bisitan joan liteke ere. Frantziako gobernuak bi asteen buruan jakinaraziko du neurriak eraginkorrak direnez gaitzari buru egiteko.

Udaberrian ez bezala, oihanak, parkeak eta hondartzak zabalik egonen dira baina bakarrik hurbil bizi direnentzat. Uretan egiten diren jarduerak debekatuak dira, surfa adibidez Lapurdiko kostaldean, Hendaia eta Angelu artean. Spitzek dio errepresioari baino, hasieran, pedagogiari emanen diotela lehentasuna. Konfinamendua ez errespetatzeagatik 135 euroren isunak banatuko dituzte, 3.750 eurokoak bigarren aldiz lagun bera harrapatzen badute.

Izurritea hasi zenetik, 18 lagun zendu dira Baionako ospitalean, eta gaur egun, 34 paziente artatzen dituzte Ipar Euskal Herriko osasun etxeetan, horien artean zortzi suspertze zerbi-tzuan. Agerraldiak daude Baionako presondegiko zaindarien artean, gutxienez lau zahar etxetan, Baionako unibertsitatean eta kirol taldeetan.

Baiona eta Miarritzeko herriko etxeek aterpeak moldatuko dituzte etxerik gabeei harrera egiteko. Baionako fiskalarekin elkarlanean, gogoeta eginen dute ere, tratu txarrak jasaten dituzten emazteei harrera egiteko. Izan ere, joan den udaberriko hetsialdiaren garaian mota horretako erasoen eta larrialdi egoitzen eskaeren kopurua emendatu zen. Mehatxu terrorista eta sanitarioari buru egiteko, Eric Spitz prefetak dei egin du supermekatuak bat batean ez husteko eta "eko-abertzale" jarrera izateko.

Antzokiek, erakustokiek eta zine aretoek ateak hetsi dituzte. Donibane Lohizuneko Select zinemako 11 langileak langabezia partzialean daude. Ortzaizen datorren asteburuan ospatu behar zen kabalkada eta Xilaba, Ipar Euskal Herriko bertsu xapelketaren saioak atzeratu eta Lurrama azoka bertan behera utzi dute antolatzaileek.

Konfinamendua ez errespetatzeagatik 135 euroko isunak jarriko dituzte, 3.750 eurokoak lagun bera bigarrenez harrapatuz gero