-Euskera agerkari akademiko-zientifikoa da eta aurten 100 urte bete ditu. Euskaltzaindiak digitalizatu egin du eta, besteak beste, ohar eta azalpen argigarriak gehitu dizkie bertan jasotako artikuluei eta bilatzaile bizkorra jarri dio. Hala, mendeurrenarekin batera, artikulu guztiak digitalizatu dituztenez, artikulu solteak nahiz zenbaki osoak PDF formatuan deskargatzeko aukera dago.

Gainera, testu libreko bilatzaile aurreratu bat gaitu da, emaitzak lehenetsiz eta hainbat parametroren arabera iragazteko aukerarekin, besteak beste, kategoriaren, pertsonaren edota urtearen arabera.

Digitalizazioa beste urrats bat da, beti profil "zorrotza" eta aldi berean "dinamikoa" izan duen agerkariarentzat. Ildo horri jarraituz, atzo Euskaltzaindiak gogora ekarri zuen 2009an ikerketa-artikulu guztiak indexatu zirela: indize, zerrenda eta datu-baseetan txertatuta daude, hala nola Latindex katalogoan, edota Inguma, ISOC edo Linguistic Bibliography datu-baseetan. Ebaluatzaileak ere jarri ziren, prozedurak estandarizatu zituzten eta Hizbea zerbitzua sortu zuten zuzenketa linguistikoa egiteko.

Euskera agerkari akademiko-zientifikoa da, eta euskararekin lotutako ikerlanak argitaratzen ditu, bereziki Hizkuntzalaritza eta Filologia esparrukoak, eta, inoiz, euskal kulturari lotutakoak ere bai. Euskaltzain guztiek idatzi dute agerkarian, Akademiaren bizitza akademikoa oso-osorik jasotzen baitu. Besteak beste, bertan idatzi dute R. M. Azkuek, Jon Etxaidek, Manuel Lekuonak, Luis Villasantek, Jean Haritschelharrek, Jose Maria Satrustegik edota Piarres Lafittek.