- Eustat Euskal Estatistika Erakundeak egindako 2019ko Osasun Kontuaren txostenaren arabera, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan administrazio publikoek Espainiako Estatuko gainerako erkidegoetan baino diru gehiago bideratzen dute osasun arlora.

Zehazki, Euskal Autonomia Erkidegoko osasun-gastu arrunta 7.042 milioi eurokoa izan zen 2019an, 2018an baino %4,7 handiagoa, Eustatek landutako datuen arabera. Datu hori eta beste batzuk Osasun Kontuen Sisteman argitaratutako ELGAren metodologiaren arabera kalkulatzen dira. Osasunean egindako gastuak osasunerako ondasunen eta zerbitzuen azken kontsumoa neurtzen du, hau da, edozein eragile finantzatzailek egindako gastu arrunta. Gastu horren finantzaketak barnean hartzen ditu administrazio publiko guztiak, derrigorrezko osasun-aseguruak, borondatezko osasun-aseguruak eta familia-etxeen ordainketa zuzena. Hala, “2010-2019 aldian, gastu arruntaren guztizkoa balio absolutuan urtean %2,5 igo da batez beste, eta azken hiru urteak nabarmendu behar dira hazkunde-tasa handiagoekin, %4tik gorakoak; zehazki, 2017an %4 hazi zen; 2018an, %4,8; eta 2019an, %4,7”, nabarmendu dute txostenean, eta gaineratu dute: “7.042 milioiko gastu hori BPGren %8,9 izan zen 2019an, aurreko urtean baino portzentajezko hamarren bat gehiago. Biztanleko ratioak ere gora egin zuen aurreko urteetan baino gehiago: biztanleko gastua 3.216 eurokoa izan zen, 2018an baino %4,4 gehiago”.

Finantzaketa mota kontuan hartuta, txostenaren arabera, 7.042 milioi euroko gastu arruntetik 4.849 milioi eurora arte dagokie administrazio publikoei eta nahitaezko ordainketa-aseguruei. Kopuru hori 2018koarekin alderatuz gero, %5,2 handiagoa da.