13 positibo berri atzeman dira Gipuzkoako egoitzetan azken orduetan

Aldundiak eta DYAk 1.500 PCR probatik gora egin dituzte azken astean Goierri, Tolosaldea, Zumarraga, Azpeitia eta Azkoitian

16.10.2020 | 17:44
Donostiako Berra egoitzan hiru COVID-19 positibo atzeman dira azken orduetan.

DONOSTIA - Azken orduetan, Gipuzkoako egoitzetako adinekoen artean egindako PCR probek 13 kasu positibo berri atzeman dituzte: hiru Alai Etxen (Donostia), hiru Berran (Donostia), bat Lamourousen (Donostia) eta sei Argixaon (Zumarraga). Bestalde, azken orduetan ez da heriotzarik izan eta bost pertsona gehiagok gainditu dute gaixotasuna: bi Errenteriako Jesusen Bihotza egoitzan eta hiru Bergarako Mizpirualden. Azken altekin, Jesusen Bihotza egoitzan, beraz, ez dago jada COVID-19 kasu aktiborik.

Azken astean, Goierri, Tolosaldea, Zumarraga, Azkoitia eta Azpeitian, komunitateko kasuak ugaritu egin direnez, Gipuzkoako Foru Aldundiak, DYArekin lankidetzan, probak areagotu ditu eta 1.500 PCR baino gehiago egin ditu egoiliarren eta langileen artean, Tolosa, Villabona, Zizurkil, Azpeitia, Azkoitia, Beasain, Segura, Legazpi eta Zumarragako egoitzetan. Gainera, aurretik planifikatutako mapaketak egiten ere jarraitu da Arrasaten, Oñatin, Donostian, Bergaran, Elgoibarren, Errenterian, Mutrikun edo Eibarren dauden egoitzetan.

Gaur arte jasotako emaitzen arabera, COVID-19an positibo emandako erabiltzaileak Gipuzkoako zazpi zentrotan daude: Hernaniko Santa Maria Magdalena (4), Bergarako Mizpirualde (8), Donostiako Alai-Etxe (28), Berra (7), La Paz (1), Lamourous (1) eta Zumarragako Argixao (6). Beraz, Gipuzkoako egoitzetako erabiltzaileen artean 55 COVID-19 kasu positibo daude.

Sei dira ospitale-arreta behar duten eta ospitaleratuta dauden pertsonak, eta 37 Eibarko Ospitaleko gizarte-solairuan ari dira artatuak izaten, Gipuzkoako egoitzetatik eratorritako COVID-19 kasuen arretarako erreferentzia-zentroan. Abuztuaren 11n lehen positiboa atzeman zenetik, adineko 67 lagunek gainditu dute gaixotasuna eta 33 hil dira.