Pandemia dela eta, hiru fasetan banatu dute gripearen aurkako aurtengo txertaketa kanpaina, guztion osasuna bermatzeko asmoz. Lehenengo fasea aurreko astean izan zen eta zaharren egoitzetako egoiliarrek eta langileek jaso zuten txertoa, osasun arloko langile eta langile sozio-sanitarioez gain.

Bigarren faseari atzo eman zion hasiera Osakidetzak eta urriaren 31ra arte, arrisku-taldeko pertsonek -65 urtetik gorakoek, gaixotasun kronikoren bat dutenek eta haurdun dauden emakumeek- izango dute txertoa jartzeko aukera. Urriaren 31etik aurrera, nahi duenak eskatu ahal izango du horretarako hitzordua.

Osasun neurriak behar bezala zaintzeko, Osakidetzako saretik kanpo 300 leku prestatu dituzte Euskadin, herritarrek txertoa jar dezaten -kiroldegiak, kultura-etxeak, gaztelekuak eta frontoiak, besteak beste-. Horrela, osasun-etxeetan eguneroko jardunarekin jarraitu ahal izango dute, jende-pilaketak saihestuz.

Donostiako Gros auzoko Okendo kultur etxea da aurtengo kanpainarako egokitu duten lekuetako bat. Lehenengo pisuan dagoen gaztelekuan ezarri dute aldi baterako anbulatorioa, eta atzo goizean hasiak ziren lehenengo pazienteei txertoa jartzen. Giroa lasaia zen bertan eta ez zen jende pilaketarik sortu; jendea pixkanaka joan zen inokulatzera.

Bertan zegoen Luci Garrido, lehenengo aldiz gripearen aurkako txertoa jaso zuen 62 urteko emakumea. "Bizitzen ari garen egoeragatik erabaki dut aurten lehen aldiz txertoa hartzea, izan ere, arduraz jokatzea dela iruditzen baitzait", azaldu zion egunkari honi Garridok. Nahiz eta arrisku-taldeetan ez egon, osasun-etxera deitu eta hi-tzordua hartzea pentsatu zuen; han proposatu zioten bertara joatea. "Okendo kultur etxeko gela hau primeran prestatuta dagoela iruditzen zait; egia esan, onerako harritu nau", nabarmendu zuen.

Garridok ez bezala, José Antonio Puertak (79 urte) erretiroa hartu zuenetik omen du inokulatzeko ohitura. "Autoak margotzen nituen eta nahiko ofizio traketsa zen, katarroak maiz harrapatzen nituen. Beraz, erretiroa hartu nuenetik, orain 19 urtetik hona jartzen dut txertoa", adierazi zuen Puertak.

Aurten, gainera, txertoa hartzea inoiz baino garrantzitsuagoa dela uste du: "Lehengoan, mediku batek telebistan esan zuen koronabirusarekin ez gaixotzeko prebentzio-neurria ere badela gripearen aurkako txertoa, beraz, oraindik eta arrazoi gehiago izan ditut hona etortzeko". Okendoko kultur etxea leku aproposa iruditzen zaio: "Jende pilaketak saihestu egin behar dira. Adibidez, gazteek egiten dituzten botiloiak ikaragarriak iruditzen zaizkit. Ez dakit nahi dutelako edo amorrua sentitzen dutelako egiten duten, baina jende gazte asko ari da COVID-19arekin kutsatzen eta penagarria da", deitoratu zuen Puertak.

Macarena Sobrónek ere estreinakoz jarriko du gripearen aurkako txertoa, baina arrazoi berezi bat du horretarako, izan ere, haurdun baitago eta hamar egun geratzen zaizkio haurdunaldi epea konpli-tzeko. "Ginekologoak gomendatu zidan eta horregatik etorri naiz", azaldu zigun Sobrónek.

Irakaskuntzan egiten du lan eta pandemia garaian, haurdunaldia lasai eramateko aukera izan duela azpimarratu zuen: "Haurdunaldia lasaia izan da. Telelanean aritu naiz eta ez dut baja eskatu beharrik izan; egia esan, lasai egoteko ondo etorri zait. Okerrena kontsultak telefonoz egin beharra izan da, ez baita gauza bera aurrez aurre egin edo etxetik egitea", esan zuen Sobrónek.

María Ángeles Blázquez, 68 urte dituenez, arrisku-taldeetan sartzen da. Hala ere, duela urte asko hasi omen zen gripearen aurkako txertoa jartzen, senarra arrisku handiko pertsona delako. "Senarrak, orain, 69 urte ditu, baina 59 urte zituela oso gaixorik jarri zen eta ordutik aurrera biok jartzen dugu txertoa, badaezpada", azaldu zuen Blázquezek.

Sintrom sendagaia hartzen duenez, Osakidetzaren eskutitza etxera iritsi baino lehen deitu zuen osasun-etxera txertoa hartzeko hitzordua zehazteko. "Egoera azaldu eta gaur etortzeko esan zidaten. Izugarri ondo iruditzen zait kanpaina hau anbulatorioetatik kanpo egitea. Horrela, osasun-etxeak arinduko dituzte beste gauza batzuetarako", esan zigun Blázquezek.

Osakidetzak 558.000 dosi erosi ditu aurtengo kanpainarako, iaz baino 138.000 gehiago; guztira, bi milioi euroko inbertsioa eginda.

"Izugarri ondo iruditzen zait kanpaina hau anbulatorioetatik kanpo egitea osasun-etxeak arintzeko"

Donostiako bizilaguna

"Lanean katarroak maiz harrapatzen nituen eta erretiroa hartu nuenetik, orain 19 urtetik hona jartzen dut txertoa"

Donostiako bizilaguna

"Haurdun nago eta ginekologoak gomendatu zidalako etorri naiz gripearen aurkako txertoa jartzera"

Donostiako bizilaguna

"Bizitzen ari garen egoeragatik erabaki dut aurten lehen aldiz txertoa hartzea, izan ere, arduraz jokatzea dela uste dut"

Donostiako bizilaguna