Gaur 178 urte betetzen dira prentsa amerikarrean euskaraz idatzitako lehen albistea argitaratu zenetik. e Messager Français egunkariak 1842ko irailaren 4an, igandez, argitaratu zuen lehen orrialdean idatzitako oharra da.

Egoera etsitua zen Montevideon. Gerra Handiaren testuinguruan (1839-1851), Fructuoso Rivera buru zuten Koloratuek Manuel Oribe buru zuten Zurien erasoa espero zuten. Oriberen tropak ez ziren artean Montevideoraino iritsi, baina hiria inbasiorako prestatzen ari zenez, herrialdeko bertakoei borrokarako deia aldarrikatu zitzaien; atzerritarrak, berez, ez zuten agindua bete beharrik.

Jose Antuña Montevideoko politika eta polizia-buruak sinatutako euskarazko testuak zehatz-mehatz azaltzen du errepublika armetan dagoela, eta, gizonezko guztiei soldadutzarako deia luzatu zaien arren, tamalez askok eta askok ez ziotela jaramonik egin aginduari, eta horregatik atxilotu egin beharko zituztela.

Atzerritarren artean atxiloketarik egon ez zedin - haiek ez baitzuten Errepublika armekin defendatzeko betebeharrik -, polizia-buruak agindu zuen atzerritar horiek guztiek-tartean euskaldun asko zeudelarik-, euren jatorrizko herrialdeko koloreekin egindako ezaugarri edo intsignia bat ikusteko moduan eraman zezatela.

Poliçiaco avisua

Républica guçia harmetan [c] a [u] sicen delacots eta nola hemengo semiac oro cerbiçurat galdeguinac bactira, penarequin ichusten dugu badela ainhits orai artecan casuric eguin estutenac. Gauça hori dela cau [s] a, eta nahis evitatu cembait estranyerri policiara [t] preso yoatia es yaquines cein naçionetacoac diren. Poliçiaco chefac ordenatcen du egunetic hasiric estranyer guciec bereen nacionaco cocarda ibil deçaten, guisa hortan ecaguciaatic no [r] den heirco semiac eta nor es.

[Antuña]

Testuko hainbat elementuk iradokitzen dute Iparraldeko hiztun batek idatzitako oharra dela, adibidez, polizia "chefa"-ren aipamena, eta ainhits edo estranyerri formen erabilera. "Orai" adberbioa batez ere Iparraldean erabiltzen da, Bizkaian eta Gipuzkoan aldiz, "orain" adi-tzondoa gehiago, nahiz eta, "orai" Nafarroa Garaiko ipar-mendebaldeko hiztunen artean ere erabiltzen den. Oro har, XIX. mendeko lehen hereneko Uruguaiko euskaldun gehienak Iparraldekoak ziren; gerora, 1839tik aurrera, nabarmen handitu zen hegoaldetik etorritako erbesteratuen edo emigranteen kopurua.

Biztanle gehienak etorkinak ziren hirian, kontsulatuetako ordezkariak eta gobernuko agintariak bat zetozen, atzerritarrak armatzea lortu ezean, ez zegoela hiria defendatzeko modurik. Abisu hori eman eta gutxira, kanariarrei atzerritar izaera kendu zitzaien, eta erroldatuak izan ziren. Italiar eta frantziar legioak ere sortu ziren, baina Jean Thiebautek euskaldunak erakartzeko ahaleginak egin arren, hauetariko gehienek uzkur egiten zioten izena emateari. Egoera hartan, eta euskaldunei arreta berezia eskainiz, euskaraz idatzitako dei bat argitaratu zen 1843an Le Patriote Française egunkarian. Asmo horrekin berarekin argitaratu zen euskaraz, eta hainbat ediziotan, hiria defendatzeko borrokan jarduten zuten atzerritarrei lurrak eta animaliak emateko lege-proiektua ere.

Euskaldunak, euskal agindupeko euskal unitateetan borrokatuko ziren. Orduan bai, eman zuten izena euren kabuz. Gobernuak, Donibane Garaziko Juan Bautista Brie de Laustan izendatu zuen Chasseurs Basques edo Euskal Ehiztarien Batailoiko koronel. Sortu zenean, batailoi horrek 659 gudari zituen, eta gudaldian zehar, bataz beste, 600 soldadu mantendu zituen beti.

Oriberen tropek euskal soldaduekin osatutako unitate bat ere izan zuten, Oriberen Boluntarioen Batailoia; koronela, Santurtziko El Melloko Ramon Bernardo Artagabeitia Urioste izan zelarik. Gudarien kopurua, aldaketa txikiekin, 689 gizonen inguruan ibili zen, eta, bere kanpamenduari, "Oribe Erri" deitu zioten. Batzuk karlistak ziren, kasu honetan Hegoaldetik etorritakoak, eta zazpi urtez (1833-1839) baldin-tza txarrenetan borrokatuz gobernuko tropei eustea lortu zutenak, azkenean Bergarako bake ituna sinatu zen arte. Haien ospea ezaguna zenez, eta arma-gizonen premiaren aurrean, euskal jatorria aitortu zitzaien, soilik euskal agindupeko euskal batailoietan zerbitzatzeko eskubidea, eta Lehen Karlistaldian edo Zazpi Urteko Gerran izandako maila ere onartu zitzaien.

Horrela, 1842tik aurrera, Euskadin borrokatu ziren haiek, elkarren aurka zebiltzan bi bandoen artean, berriz ere, gatazka beliko batean murgilduta jardun zuten. 1843ko otsailean inguratu zuten hiriaren setioak, zortzi urtetik gora iraun zuen, 1851ko urriaren 8raino.

Orain arte uste zen, goian aipatu duguna zela euskarazko lehen testua; alegia, 1843ko maiatzean Le Patriote Français de Montevideon argitaratutako artikulua, baina, bistan denez, honoko hau lehenagokoa da. Inolako zalantzarik gabe, hauxe da amerikar egunkari batean euskara hutsean idatzitako lehen testuetako bat. Itxura batean, kazetaritza modernoaren historia Hego Amerikan, 1790ean, Perun, Diario Erudito, Económico y Comercial de Lima agertzearekin batera hasi zen. 1807an argitaratu zen, ekialdeko kazetaritzaren hasiera markatu zuen Estrella del Sur-en lehen zenbakia, eta 1810ean La Gaceta de Montevideo sortu zen. Kontinente oso bateko hemeroteketan bila jarraitu behar bada ere, hauxe li-tzateke Amerikako prentsan orain arte aurkitu dugun euskarazko idatzirik zaharrena.

Iragarkia hiru hizkuntzatan

Bere burua eskainiz

Bitxikeri gisa, Le Messager Français egunkarian, irailaren 13an, tatxarik gabeko pertsona baten iragarkia argitaratu zen, eraikuntzan edota gurdizain-lanetarako bere burua eskainiz; eta frantsesez, gaztelaniaz eta euskaraz hitz egiten zekiela zioen. Urriaren bateko argitalpenean beste iragarki bat ere agertzen da, non frantsesez, gaztelaniaz eta euskaraz hitz egiteko eta zuzen idazteko gauza zen gazte batek bere burua eskaintzen baitzuen merkataritza-etxe batean lan egiteko, "hiru hizkuntza horietako korrespondentziaz arduratuz"; eta horrek adierazten duenez, garai hartan, euskara, hizkuntza erabilia zen hiriko merkataritza-transakzioetan.