- Kultura eta Kirol Departamentuak atzo ohar baten bidez jakinarazi zuenez, Gipuzkoako Foru Aldundiak ikastetxeei proposatuko die eskola-kirola kontakturik behar ez duten praktiketara mugatzea; baita lehiaketen hasiera urtarrilera arte atzeratzea ere, urritik aurrera entrenatu ahal izango badira ere.

Proposamena garbia da, kirol-jarduerara itzultzea kontaktu fisikorik ez dakarten jarduerekin, "betiere, parte-hartzaileen segurtasun-distantzia uneoro errespetatuz"; entrenamenduak urriaren 1etik aurrera has daitezke, eta lehiaketak, berriz, urtarrilera arte atzeratuko lirateke.

Eskola-kirolak, gainera, "segurtasun-protokolo zabal eta zehatza" bete beharko luke COVID-19aren kutsatzeak ekiditeko. Protokolo hori udan prestatu da, "hainbat hezkun-tza eta osasun adituen laguntzarekin".

Aldundiaren iritziz, eskola-kirola etetea kaltegarria izango litzateke haur guztientzat, eta, bereziki, "aukera ekonomiko gutxien dituzten ikasleentzat", eskolaz kanpoko jarduerak egiteko zailtasun gehiago baitituzte.

Foru Aldundiaren arabera, ikastetxeak "ingurune seguruak dira kirola egiteko", horregatik, izen-ematea irailaren 21ean ireki eta abenduaren 30era arte luzatuko dela iragarri du.

Proposamen hori kontsulta-erronda batean eztabaidatuko da datorren astean, udalekin, ikastetxeetako eskola-kiroleko koordinatzaileekin, kirol-federazioekin, klubekin eta baita guraso elkarteekin ere.

Harkaitz Millan Kultura eta Kirol diputatuak azpimarratu duenez, "kirol-jarduerak erabat murrizteak ondorio psikologikoak dakartza, eta kalte egiten dio ongizate emozionalari; gainera, batzuetan, ondorio kaltegarriagoak ere eragiten ditu, gazteen aisialdia eta harremanak kirola bezain onuragarriak ez diren eta birusa kutsatzeko arrisku askoz handiagoa duten jardueretara bidera-tzen baitira".