- 235 ikasle berrik hasi zuten atzo ikasturtea Tecnunen, Nafarroako Unibertsitateak Donostian duen Ingeniaritza Eskolan. Unibertsitateak ohar batean jakinarazi zuenez, graduko ikasleen %38 emakumezkoak dira, eta %23 ikasle atzerritarrak: besteak beste, Ekuador, Panama, Costa Rica, Mexiko, Bolivia, Ameriketako Estatu Batuak, Erresuma Batua edota Filipinetatik etorritako gazteak dituzte aurten.

Gainerako mailetako ikasleek gaur hasiko dute ikasturtea, eta irailaren 21etik aurrera, berriz, masterretako 200 ikasle inguruk.

Ingeniaritzako lehen mailako ikasleak, lau taldetan antolatuta, ongietorri-ekitaldian izan ziren atzo. Tecnuneko zuzendariak, Raúl Antónek, eta ikasleen zuzendariordeak, Jorge Juan Gilek, duela hilabete batzuk abian jarri zuten PlanPrepara2 izenekoa azaldu zieten iritsi berriei; campus segurua sortzeko helburua duen plana, irakaskuntza, osasuna eta prebentzioa ardatz hartuta.

Ikasturtean zehar jarraitu beharko duten protokoloari dagokionez, “irakaskuntzarako espazio berriak”, prebentzio neurriak eta PCR frogak aipatu zituzten; froga horiek, atzo hasi eta irailaren 4ra bitartean unibertsitateko profesional eta ikasle guztiei egingo zaizkie.

Gainera, ikasturte osoan zehar PCR aleatorioak ere egingo dira, ikasle/langile estatusaren eta zentro akademikoaren arabera estratifikatuta. Bestalde, arreta birtualerako eta presentzialerako “COVID eremua” antolatuko da, eta horrek Tecnuni azkar jokatzen lagunduko dio, betiere osasun-agintariekin lankidetzan.

Oinarrizko prebentzio arauen artean azpimarratzekoak dira, maskaren erabilera, eskuak ongi garbitzea, segurtasun distantzia mantentzea eta edukieren kontrola. “COVID ikuskatzaileak” ere egongo dira, hainbat ikasleek lehen egun hauetan neurriak behar bezala bete-tzen direla egiaztatuko baitute.