- 1936. urtean, Gerra Zibilaren garaian, Gipuzkoa altxamendu militarraren aurka defendatzeko helburuarekin sortutako sistema da Aranzadiren kanpaina. Ikerketa lan hau, Aduna, Asteasu, Larraul eta Zizurkilgo udalek sustatutako proiektua da, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren giza eskubideen zuzendaritzak ere hartu du parte.

Lubakiak aurkitzeko ikerketa arkeologikoen kanpaina bat burutu du Aranzadiko arkeologo talde batek, eta lan horrek fruituak eman ditu. Azken urteotan gazte boluntarioek ere parte hartu izan dute ikerketa-programan, hainbat ekintza burutuz: besteak beste, indusketa-lanak egin eta memoria historikoaren eta giza eskubideen alorrean prestakuntza jaso dute.

Aurten, ordea, COVID-19ak eragindako osasun krisia dela eta, ikerketa-taldea Aranzadiko teknikariek soilik osatu dute. Kanpaina horretan zehar, Hernio mendilerroko lurralde guztiaren azterketa sistematikoa egin dute, Andoainera bitartean dauden lurretan. Azterketa horri esker, gerra-konfrontazioekin eta defentsarekin lotuta egon daitezkeen gune ugari dokumentatu dituzte: lubakiak eta metrailadore-habiak, besteak beste.

Abuztuan zundaketa lanak egiten ibili ostean, gerra-aztarna ugari aurkitu dituzte lubakietan: balak, ehunka bala-zorro, bala-kargadoreak eta baita obus zatiak ere. “Gure esku-hartzeak Gerra Zibileko protagonistek bizi eta sufritu zutena ezagutarazteko balio du. Aurkitu ditugun fusileria-elementuek, bi bandoek armamentu eta munizio-hornidurarako zituzten zailtasunak erakusten dituzte; lubakiek, gainera, eguneroko bizitzako adierazleak erakusten dituzte, hala nola latak eta arropak”, adierazi zuten atzo Aranzaditik prentsa ohar baten bidez.

Aranzadiren arabera, kanpaina hau gauzatu den eremuari Saseta defentsa-sistema edo erresistentzia-puntu deitu zitzaion 1936ko abuztuaren eta irailaren artean. Aduna, Asteasu eta Zizurkilgo zonalde horretan euskal milizianoek tropa frankistei aurre egitea lortu zuten, 1936ko abuztuaren 11n Tolosa haien eskuetan erori ondoren.

“Lekuaren inguruko memoria historikoa galdu bada ere, orain arteko dokumentazioaren arabera, ehun biktima inguru eragin zituen konfrontazio gogorra gertatu zen bertan”, nabarmendu zuten Aranzaditik.

Euskal milizianoek egindako erresistentziari esker, altxatutako militarrei aurre egitea lortu zuten, haiek aurrera egitea galaraziz, eta horrela sortu zen Euzko Gudarostea.

Saseta sisteman, Aduna, Asteasu eta Zizurkilgo zonaldean, euskal milizianoek tropa frankistei aurre egitea lortu zuten 1936an