- Eneko Goia Donostiako alkateak "inoiz baino zuhurrago jokatzeko" eskatu die donostiarrei, "norbanakoaren eta taldearen erantzukizuna bere gain hartzeko", eta "zorrotz" betetzeko COVID-19aren aurkako osasun neurriak, azken egunetan hirian izandako kasuen "gorakada nabarmena" kontrolatu ahal izateko.

Goiak "deia" luzatu die "herritar guztiei oro har", ez bakarrik aisialdirako lekuetara joaten direnei, "oldeak goraka jarrai ez dezan" eta "ondorio negatiboagoak" izan ez ditzan, adibidez, kolektibo ahulenetara iristea edota osasun zerbitzuen saturazioa eragitea.

"Guztion artean horretan saiatu behar dugu kosta ahala kosta, gure esku dagoelako", azpimarratu du alkateak astearte honetan udaletxean eman duen prentsaurrekoan.

Bere esanetan, donostiarrek ez lukete pentsatu behar azken egunetako koronabirus kasuen gorakada "aisialdiko esparruetara mugatzen den arazoa denik"; izan ere, "jatorria" hor egon daitekeen arren, "gerora" beste sektore batzuetan ere izango baititu ondorioak.

Egungo egoerak pandemiaren aurkako "epe ertaineko borroka etengabea" planteatzen duela onartuta, Donostiako alkateak argi utzi nahi izan du ezinbestekoa dela "den-denok arreta neurriak zorrotz betetzea", Donostiako egoera "hobetzearen mesedetan".

Goiak esan duenez, Udaleko arduradunak "etengabeko elkarlanean" dabiltza Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailarekin; eta igandean bertan Nekane Murga sailburuarekin pertsonalki harremanetan egon zela aipatu du, kasuen igoera "nabarmena" zela eta (aurreko astean ia 280 izan baitziren).

Biak bat etorri omen ziren, "fenomenoa, ez bakarrik, baina bai neurri handi batean, aisialdian eta gazteen artean gertatzen ari zela", eta, horren ondorioz, "egiaztatu egin zuten" Osasun Sailak eta Eusko Jaurlaritzak emandako azken murrizketak "premiazkoak" zirela, "frogak, tamalez, datuetan dauzkagulako".

Abuztuaren 14an, 15ean eta 16an Donostiako Komplot eta Channel diskoteketan egon ziren pertsonek PCR testa egin zezaten, atzo, astelehenez, egindako deialdi masiboari dagokionez, alkateak esan du igandean ezin izan zutela oraindik zehaztu non egon zitezkeen fokuak; atzo, ordea, "konexio batzuk ezarri ziren eta erabaki zen komenigarria zela bahetze proba horiek egitea".

"Horrek ez du esan nahi arrisku-egoera bi establezimendu horietara mugatzen denik", ohartarazi du Goiak, eta asteburu horretan "jarduera arriskutsuak" izan zituzten pertsona guztiei Osakidetzarekin harremanetan jartzeko eskatu die, azterketa egin ahal izateko.

"Ditxosozko asteburu horretan" gertatutakoaren inguruan alkateak "haserre" eta "barruak hustutze aldera" adierazi du, "mugak ezarrita zaudela" baina "organo judizial batek hankaz gora bota zituela".

Alkateak adierazi duenez, "Udaletik, egoera jakin batzuen aurrean zaintza areagotzeko mezua zabaldu dugu", eta horrek esan nahi du udal ordezkariek "zorrotz" jokatuko dutela "agindutakoa bete dadin"; halere, sinetsita omen dago, huts-hutsean, kontrola bakarrik "ez dela nahikoa izango".

"Egoera honen aurrean udal ordezkariek zorrotz jokatuko dute agindutakoa bete dadin"

Donostiako alkatea