- José Agerre euskaltzain osoak Arturo Campióni buruz idatzitako gogoetak aurkitu zituen Joxemiel Bidador euskaltzale nafarraren alargunak, senarraren paperen artean. Haietan, Campiónen lan literarioaren eta jardun politikoaren berri ematen zuen Agerrek. Beraz, Bidadorrek Agerreren liburuan oinarrituta prestatuko lana da Euskaltzaindiak Euskaltzainak sailean argitaratu duen liburu berri hau. Sagrario Aleman eta Patxi Zabaleta euskaltzain osoek koordinatu dute edizioa eta sarrera ere beraiek idatzi dute.

Nola egin zenuten aurkikuntza bitxi hau?

-Sagrario Aleman (S.A.): José Agerreren liburuaren berri, orain urte zenbait, Bidador berarengandik jakin genuen. Arturo Campión euskaltegiak antolatutako hitzaldi batean aipatu zuen Bidadorrek, Agerrek ida-tzitako Arturo Campiónen biografia aztertzen ari zela. Bidador hil eta urte batzuetara adiskide batengandik jakin genuen haren paperen artean aurkitu zutela Bidadorrek Agerreren liburuan oinarrituta prestatuko lana. Eskaera egin genion, eta Bidadorren alargunak, Idoia Sarak, segituan helarazi zigun, adeitsu. Agerreren beraren liburua, zoritxarrez, ez dugu osorik aurkitu, ordea, Bidadorrek bere lanerako behar ez zituen zati zenbait kenduak baitzituen.

Campióni buruz bada beste aurreko lanik, noski; esaterako zuek hitzaurrean aipatzen dituzuenak: José Javier López Antonena eta Emilio Majuelorena. José Agerrerena hauen osagarri izan daiteke?

-Patxi Zabaleta (P.Z.): José Agerrek idatzitako Arturo Campiónen biografia moldatu egin zuen Joxemiel Bidadorrek. Gure eskuetara moldatutako bertsio hori besterik ez da iritsi, nahiz eta jatorrizko testua bilatzen saiatu; eta bertsio hori da Euskaltzaindiak argitaratu duena, Bidadorren beraren aurkezpenarekin eta Sagrario Aleman eta bion hitzaurre laburrarekin batera. Bidadorrek aurkezpenean, José Javier López Antónen biografia aipatu ez ezik, aintzat hartzen du bere azterketaren atal batzuetarako. Beraz, nahiz jatorrizko Agerreren biografia López Antónena baino lehenagokoa izan, argitaratu dugun bertsio moldatu hau ondorengoa da. Majueloren idazlana, berriz, ez da zehazki biografia, azterketa bat baizik: La idea de la historia en Arturo Campión. Hau da, gau gaurkoz, Arturo Campióni buruz egindako ikerketa luzeetan azkenekoa, baina badago bibliografia zabala, ugaria eta aberatsa López Antónen liburuan, eta gaurkotuagoa Majueloren obran. Hortaz, Agerreren idazlan moldatu hau argitaratzeak gehiago du lekukotasunetik berrikuntzatik baino. Arturo Campiónen biografia moldatu honen edukiari dagokionez, azpimarragarriena da bi atal besterik ez direla aztertzen; lehenengoan Arturo Campiónen literaturako lan ezberdinak; eta bigarrenean, berriz, politikaren inguruko eztabaida zehatz ba-tzuetan: foruen galera, eta Nafarroako agerkarien edo periodiko eta egunkari berrien sorreraren aurrean euskal indarrak elkartu beharra€ Baina ez bestelako zertzeladarik. Eta hori, jakina, ez da biografia bat.

Biografia matrioxka gisakoa dela aipatzen duzue hitzaurrean. Berrikuntzarik badakar?

-P.Z.: Zergatik aipatzen dugun matrioxkaren adibidea hitzaurrean? Bada, hara, Agerrek Campiónen biografia arakatzen duelako liburutxo honetan; eta Bidadorrek, aitzakia horretaz baliatuz, Agerreren biografiaren atal batzuk jorratzen dituelako bere aurkezpenean; eta guk ere, Joxemiel Bidadorren biografiaren zertzelada batzuk aipatzen ditugulako.

José Agerre euskaltzaina izan zen, baina zehatz-mehatz zein izan zen haren ekarpena euskalgintzan?

-P.Z.: José Agerre 1919an izendatu zuten euskaltzain; hain zuzen ere, Euskaltzaindia lau kide izatetik hamabi kide izatera igaro zenean. Beraz, Agerre Nafarroako bigarren ordezkaria izan zen Campiónen atzetik. 1920an Sevillara joan zen bizitzera, ordea, eta Sevillan hamar urte luze eman zituen. Euskaltzain izateari uko zehatza egin zionik edo bota zutenik ere ezin dateke esan eta ez da inon agertzen, baina Sevillara joan zenez geroztik Akademiako partaidetza hura utzi egin zuela edo kendutzat eman ziotela agerian dago, bere ordezko bat izendatu zelako; hain zuzen ere, Aita Damaso Intza. Gero, 1931n, Iruñera itzuli zen, EAJ-PNV alderdiak bere agerkarietan ardura gorenak emanda. Lehenago ere, 1918-19 urteetan, alderdi horretako Napartarra (1913-1919) aldizkariko zuzendari lanetan ere aritua zen. Itzuli eta berehala, 1931n bertan, Amayur aldizkariko (1931-1936) zuzendari hasi zen, eta hurrengo urtean, 1932an, alegia, La Voz de Navarra egunkariko zuzendaritza eman zioten; eta ardura eta zeregin horretan iraun zuen, gerrak eztanda egin eta periodikotik bertatik preso eraman zuten arte. Hori, 1936ko uztailaren 19an gertatu zen, izan ere, gerra hasi eta biharamunean, artean, atera egin baitzuten egunkaria.

Azpimarratzekoa da, Arturo Campiónek ez bezala, José Agerrek bizi-tzako azken urteetan ekin ziola euskaraz eta literaturaz idazteari. Arturo Campiónek, aldiz, 30 urte baino lehen idatzi zituen ezagutzen zaizkion euskarazko idatzi urriak eta bere Gramatika erraldoia ere. Iruñeko Udalak Joxemiel Bidadorrek berak egindako olerki bildumarekin osatutako liburu dotore bat argitaratu zuen: Jose Agerre Santesteban. Gerra ondoko olerki-lanak (1949-1962) izena duena.

Badirudi Agerrek ez zuela Campiónen biografia hau publikatzeko asmoarekin idatzi. Ba al dakigu zergatik? Horrek are bitxiago egiten du liburua?

-S.A.: Agerrek argitaratzeko idatzi ez bazuen ere, Campiónen biografia hau interesgarria da oso, Campión ezagutu zuen batek idatzia delako. Zuzeneko testigantza ematen digu, arras objektiboa izanen ez bada ere askotan, Agerrek Campión mirestu egiten baitzuen. Harrez geroztik, Campióni buruz asko idatzi dute, ez ordea, bizi zelarik ezagutu zutenek. Zergatik idatzi zuen Agerrek gero ez argitara-tzeko? Idatzi zuenean Campión hila zen eta haren goraipatzeko, omenaldi gisa beharbada? Ondorengoek jakin zezaten nor izan zen Campión?

Agerrek biografia hau idazteko erabili zuen ohar-koaderno bat aurkitu duzue, Euskaltzaindiaren Azkue Bibliotekan dagoena. Bestelako aurkikuntzarik eta ikerketarik egin duzue liburu honen inguruan?

-P.Z.: José Agerrek prestatutako kanpo koadernoa eta Joxemiel Bidadorrek antolatutako Campiónen biografiaren arteko konparazioa eginda, berehala agerian geratzen da bien arteko koherentzia eskasa. Badirudi Bidadorrek aldaketa handia eta sakona egin ziola. Zergatik? Agian berak hitzaurrean esaten duen bezala, Agerrek Campióni zion miresmen neurrigabeak biografia beharrean hagiografia bat egitera bultzatu zuelako.

Eta Joxemiel Bidador euskaltzale nafarrak bildu zuen lana, bere ekarpena eginez. Nolakoa da ekarpen hau?

-P.Z.: Bidadorren bukatu gabeko lan baten aurrean gaudela dirudi. Baina dena den, oso argigarria gertatzen da Agerreri buruz Bidadorrek moldatutako biografiak alde batetik eta Agerrek prestatutako kanpo-koadernoak, bestetik, daukaten alde handia. Agerrek biografia osoa egiteko asmoa zeukan, baina ezin jakin egin zuen ala ez. Aldiz, Joxemiel Bidadorrek soilik bi atal hartu zituen Agerrek egindako guztitik; berari gehien interesa-tzen zitzaizkion atalak, alegia; hau da, Arturo Campiónen literaturako lanak eta bere jokabide eta pentsaerari buruzkoak. Agerreren jatorrizko idazlana eskuetan eduki gabe ezin dugu konparaketa zehatzik egin, eta ezin dugu ondorioztatu zer eta zenbat aldatu, erantsi edo kendu zuen Bidadorrek.

Agerre eta Campión, biak miresten zituen Bidadorrek. Zergatik bi hauek?

-P.Z.: Miretsi hitzak ez du Bidadorren ikuspegia ongi adierazten. Bidador ikertzailea zen, batez ere; eta ikertzaileari berezkoa zaio kritikoa izatea eta aintzat hartzea edo arbuiatzea aztertuaren ekarpenak, asmaketak, akatsak edo hutsegiteak. Campión eta Agerre XX. mende hasieran oso garrantzitsu izan ziren Nafarroan eta Euskal Herri osoan, edonolako miresmen edo gorrototik at.

Agerreren gogoeta batzuk kendu egin zituen Bidadorrek. Zergatik?

-P.Z.: Bidadorren ustez, Agerrek miresmen handiegia zion Campióni. Horregatik, azterketa egin beharrean, gorazarre egiten zion, eta Bidador hori zuzentzen, moldatzen eta txukuntzen saiatu zen.

Biografia gaztelaniaz idatzita dago. Zergatik?

-P.Z.: Agerrek bere lanbidea gazteleraz garatu zuen, nahiz eta bizitzako azken laurdenean, batik bat, olerkiak, euskaraz egiten ahalegindu. Joxemiel Bidador, aldiz, elebidun peto-petoa zen; eta euskara erabili zuen Agerreren euskarazko olerkiak argitaratu zituen liburuaren hasieran, Agerreri buruz egindako azterketa kritikoan. Beraz, Campiónen biografiaren kasuan gaztelera erabiltzea, idazlana bera hala dagoelako izanen da seguru aski.

Bidador nor izan zen gogora ekar-tzea ere bidezkoa da. Nor izan zen Bidador eta zer egin zuen Nafarroan euskararen alde?

-S.A.: Joxemiel zerbait izan bazen, ikertzaile izan zen. 36ko gerraren aurretik, XX. mendeko lehen hamarkadetan Iruñean euskal idazleak izan zirela, euskaraz idazten zuen jendea bazela agertu nahi izan zuen, eta horretarako garai hartako kazetak aztertu zituen. Inork gutxik ezagutzen zituen idazleen berri eman zigun. Dibulgatzaile izan genuen Joxemiel. Eta ezin aipatu gabe utzi, Bidadorrek erdaraz argitaratu zuen Materiales para una Historia de la Literatura Vasca en Navarra, Nafarroan euskarari bizkar emanda bizi diren horiei erakusteko euskarak ere tokia izan duela literaturan, euskara Nafarroako hizkuntza izan zela eta badela.

Gainera, hil ostean pastoral bat ere eskaini zioten Iruñean, zehazki 2015ean. Neurri batean, horrek adierazten du Bidadorren pisua nafar euskalgintzan, ezta?

-S.A.: Esan bezala, Bidador ikertzailea eta dibulgatzailea izan zen, eta aditzerik ere izan ez genuen hainbat euskal idazleren berri eman zigun. Berak ere beste hainbeste merezi zuen.

"Agerrek bere lanbidea gazteleraz garatu zuen eta bizitzako azken laurdenean euskaraz idazten ahalegindu zen"

"Bidadorrek XX. mendeko lehen hamarkadetan Iruñean euskaraz idazten zuen jendea bazela agertu nahi izan zuen"

"Campión eta Agerre XX. hasieran garrantzitsu izan ziren Nafarroan eta Euskal Herri osoan, edonolako miresmen edo gorrototik at"

"Jose Agerre 1919an izendatu zuten euskaltzain, Nafarroako bigarren ordezkaria izan zen Campiónen ondotik"