- Hasiera batean, maiatzaren 10ean ospatzekoa zen Iparraldeko ikastolen eta euskararen festa atzeratzea erabaki zuten antolatzaileek, bizi zen osasun egoera larriaren ondorioz. Harrez gero egoera ez da askorik hobetu eta irailaren 20rako iragarrita zegoen ospakizuna ez egitea erabaki dute. Antolatzaileen hitzetan " Herri Urrats Irailaren 20an ospatzea ez zaigula behin ere debekatua izan. Baina egoera sanitarioa berriz okertzen ari dela ikusirik, gaitza Ipar Euskal Herrian zabaltzen ari dela ikusirik, Senpereko Herriko etxea, sorospen eta segurtasun zerbitzuekin bildu ondoren, erabaki dugu ez arriskurik hartzea, eta Herri Urrats bertan behera uztea, lehen aldiz 36 urtetan".

Ikastolen Elkarteko lehendakaria den Koldo Tellituk azpimarratu zuenez, "Herri Urrats, Ibilaldia, Araba Euskaraz, Nafarroa Oinez eta Kilometroak ez dira ospatuko aurten".

"Saminez hartu behar izan dugu erabaki hau, baina ez zegoen beste irtenbiderik. Euskal Herrian abuzturako eta irailerako antolatutako ekitaldi guztiak bertan behera geratu badira, ezinezkoa zen gu salbuespen izatea", azaldu zuen Tellituk.

Gauzak horrela " jai bakoitzari ziklo amaiera egokia emango diogu, batez ere ikastola antolatzaile bakoi-tzeko komunitateari zuzendutako ekitaldi xume eta herrikoien bitartez, eta nola ez ba, baita jaia ospatzekoak ziren herri bakoitzari eskerrak emateko ere", aurreratu zuen.

"Egoera sanitarioak, Seaskako ikastolen eredu ekonomikoa kolokan jar-tzen du, ikastolen aurrekontuen heren bat segurtatzen baitugu festetatik; inolaz ere, uste dut erabaki zuzena hartu dugula egungo egoeran ez baikenuen besterik egiten ahal" esan zuen Peio Jorajuria, Seaskako lehendakariak atzoko agerraldian.