BILBO - Hemen da jada Haurgune eta Kidegune umeentzako aisialdi programen edizio berri bat. Hala, hurrengo astelehenetik aurrera, hilak 10, programa horietan 2020/2021 ikasturtean parte hartu nahi dutenek izena eman ahal izango dute.

Eskabidea abuztuaren 17tik aurrera egin ahal izango da, webgune honen bidez, Udalaren informazio telefonoaren bidez (010/944 010 010) eta "Bilbao Click" bulego elektronikoen bidez.

Udalak, guztira, 651 plaza eskainiko ditu; 396 Haurgunean, 5 eta 8 urte bitarteko umeentzat, eta 255 Kidegunean, 9 eta 11 urte bitarteko adingabeentzat.

Plazak zozketa bidez emango dira; abuztuaren 19an egingo da zozketa. Emaitza hurrengo egunean emango da argitara Udalaren web-gunean eta, halaber, telefono bidez galdetzeko modua izango da, Udalaren informazio telefonoan (010 / 944 010 010), astelehenetik domekara bitartean, 8:00etatik 20:00etara, hobeto arratsaldez edota asteburuetan deitzen bada). Izen ematea abuztuaren 20a eta 25a bitartean egin beharko da.

Gutxienez 6 umek izena eman behar dute taldea sortzeko. Hortaz, parte-hartzaileen gutxieneko kopurua bete ezean, eskariak erreserban geratuko dira, pertsona gehiagok izena ematearen zain.

Lekuak bete gabe geratzen badira, ikastaroan zehar ere eman ahalko da izena: Gazteria eta Kirol Sailera deitu beharko da (94 420 43 94)

MUNDU BERRIAK ESPLORATZEN

Haurguneko eta Kideguneko ikastaroa datorren irailaren 14an hasiko da, eta 2021eko ekainera arte iraungo du.

Oraingo aldi honetan, Mundu berriak esploratzen izango du goiburua, eta gaiak Garapen Jasangarriko Helburuak (GJH) izango dira, NBEak planeta babesteko 2015ean proposatutakoak. Hala, bada, adingabeek hainbat helburu ezagutuko dituzte, hainbat arlotakoak, hala nola osasuna eta ongizatea, kalitatezko hezkuntza, genero-berdintasuna, klimaren aldeko ekintza, produkzio eta kontsumo arduratsua eta lurreko ekosistemetako bizia, besteak beste.

Horrez gain, ikasiko dute nola zaindu behar den planetan, eta, horretarako, olgetak, eta talde dinamikak erabiliko dituzte, aldaketaren eragile izan daitezen txikienak ere, eta bizimodu osasungarriago bat egiteko aukera izan dezaten. Jarduera hauek gauzatzeko orduan, ez dira bazterrera utziko errespetua, berdintasuna, kulturartekotasuna, dibertsitatea eta inklusioa, konpromisoa, jasangarritasuna eta bizikidetza bezalako balioak, guztiak ere Bilboko Balioen Agirien jasota baitaude..

Eta, gurasoek egindako eskaerei erantzunez, programak euskaraz gauzatuko dira, batik bat.