- Itxaso Ruiz eta Maria Jose Sanzen, EHUko Klima Aldaketarako Zentroan (BC3) lan egiten duten ikertzaileak, lurzoruaren erabileraren eta klimaren arteko harremana dirudiena baino garrantzitsuagoa dela ondorioztatu dute. Science of the total environment aldizkarian argitaratutako azterketan, Mediterraneoko mendebaldean lurraren erabileran izandako aldaketen inguruko hainbat ikerketa jorratzen dira, giza jarduerak prezipitazioen murrizketan izan duen eraginean enfasia jarriz. “Lan honekin, prezipitazioek gora egitea dakarten prozesuak ulertu nahi dira, eta Mediterraneoko arroaren kasuan, izaera orografikoa izan dezakete %60 edo %70era arte”, azaldu du Sanzek.

Euri orografikoak dinamika atmosferiko errepikarien ondorioz gerta-tzen dira, eta landaretzak zerikusi handia du haiekin. Esaterako, Mediterraneoko haraneko brisek erliebe menditsuetan ur-lurrun kopuru jakin bat mugitzen dute, harik eta euriari itxura ematen dion “karga-puntu kritiko” bat lortu arte. “Sute masiboek edo baso-soiltzeak landare-estaldura aldatu dute, azalera murriztuz. Horren ondorioz, ebapotranspirazioa galdu da, hau da, landarediak hodeia sortzeko isurtzen duen ur-lurruna galdu egin da”.

Lurzoruaren aldaketa horiek, desertifikazio-prozesuak barne, azken aro geologikoan areagotu egin dira, gizakiaren jarduera dela eta. Hartara, Meditarraneoak gaur egun duen klimatologia “berezia” konfiguratu da. Dagoeneko suntsituta dagoen flora berreskuratzen saiatuz gero, prezipitazio orografikoen zati bat bueltatuko litzateke, landare-estaldura zabalagoa izatearen ondorioz. “Ur-lurruna ugariena den haranetan hasi beharko litzateke berreskuratze prozesua, ingurunera egokitutako kudeaketa eginez”, adierazi du Sanzek.

Horrez gainera, Mediterraneoko arroko haranak berreskuratzea “ariketa kolektiboa” izan behar dela nabarmendu du, egungo egoerari “irtenbide integralak” eman ahal izateko modukoa, beti ere, “tokiko aktoreen” laguntzarekin. “Inguruko artzain beterano batek hobeto ezagutzen ditu lurzoruaren higadura-prozesuak zientzialari etorri berri batek baino”, gehitu du biologoak. Halaber, zonaldeko degradazio prozesua iraultzerik ez badago, klimatologia arian-arian lehorragoa izango da eta, prezipitazio gutxiago egongo dira.

“Mediterraneoko arroa egoera kritikoan dago desertifikazio prozesuaren ondorioz. Beraz, ezin dugu gehiago itxaron”, nabarmendu du Sanzek.