- Udak euskal errepideetako bide mugikortasunaren murrizketa handia ekarri du. Sonia Díaz de Corcuera Eusko Jaurlaritzako Trafiko zuzendariak atzo emandako datuen arabera, Euskadin trafikoa %32,4 murriztu da ekainean eta %12,49 uztailean, 2019ko datuekin alderatuta. Hala ere, Díaz de Corcuerak ohartarazi zuenez, asteburu honetan euskal errepideetan zirkulazio handiagoa espero da, batez ere barne mugimenduekin eta erkidego mugakideekin.

Radio Euskadiri eskainitako elkarrizketa batean azaldu du Trafikoko zuzendariak, udako operazio berezia osasun krisiak dakartzan “mugak eta ziurgabetasunak” baldintzatuta gertatzen ari dela. Bere esanetan, aurreko udaldietan milioi eta erdi joan-etorri baino gehiago izan badira ere, batez ere nazioarteko trafikoaren eraginez, aurten “portaera desberdina izaten ari da”.

Horren harira, nazioarteko trafikoa “oso txikia” izaten ari dela azaldu du, Marokoko muga itxita dagoelako eta Portugalgo hegoalderantz doan “gutxieneko” trafikoa baino ez delako igarotzen Euskaditik. Ekaineko azken asteburuan udako trafiko operazioa hasi zenetik, auto ilarak AP-8an bakarrik gertatu dira, Kantabriarako noranzkoan.

Eman zituen datuen arabera, mugikortasuna %32,4 jaitsi da ekainean, eta %12,4 uztailean, urte arteko datuak kontuan harturik. Azken hilabete horretan, %12,71 murriztu da Bizkaian, %17,36 Gipuzkoan eta %7,42 Araban.

“Ea abuztuan zer gertatzen den”, esan zuen Trafikoko zuzendariak, eta asteburu hau errepideetan “historikoki zailenetakoa” izaten dela gogorarazi zuen, bidaiarien oporren irteerak eta etorrerak bat egiten dutelako. Hori horrela izanik, trafiko gehiago espero da, mugimendu ugari izango baita bai erkidego barruan eta baita eskualde mugakideetara ere, batez ere AP-8 autobidean, Kantabriarantz.

Atzo, irteera operazioaren lehen egunean, Gipuzkoan ia ez zen alderik nabaritu, batik bat beste urte ba-tzuekin alderatuta.