- 2018an Foru Aldundiak LandaGipuzkoa egitasmoa abian jarri zuenetik, 2,3 milioi euroko inbertsioari esker, 2.000 baserri hornitu dira dagoeneko. Onuradunak 2.500 biztanle baino gutxiago dituzten Gipuzkoako herri-guneetatik bi kilometrora baino gertuago kokaturiko baserri, etxebizitza eta nekazal instalazioetako bizilagunak izan dira.

Baina beste askoren txanda iristeke dago. Gipuzkoako hainbat herri txikietan badira oraindik 1.200 etxebizitza zerbitzu hori kontrata-tzeko aukerarik gabe, eta landa eremuan sakabanatuta dauden beste 4.000 baserrik ere ez dute beharrezko azpiegitura: 5.200 orotara, zerbitzurik gabe.

"Gipuzkoako Foru Aldundiak lurralde orekaren alde lanean dihardu eta Gipuzkoako landa eremuko herritarren bizi baldintzak hiriguneetako bizilagunen parekoak izateko konpromiso irmoa hartu du. Gizartearen beharrak etengabe aldatzen doaz eta duela hogei urtekoek ez dute oraingoekin zerikusirik. Horren harira, bizilekua edonon egonda ere, etxean Interneteko konexio azkar bat izatea ezinbestekoa bihurtu da egun eta, ondorioz, Aldundiko LandaGipuzkoa egitasmoaren erronka nagusienetako bat banda zabal ultralasterra Gipuzkoako landa eremura zabaltzea da", adierazi du Lasa foru diputatuak.

Hedadura baserri guztietara heltzeko eman beharreko pausoak egin omen dituzte, Lasak dioenez, baina Gipuzkoako Foru Aldundia "lortutakoarekin ez dela konforma-tzen" aitortu du: helburua "landa eremuko baserri guztietara banda zabalarekin heltzea da, baserria edonon egonik ere, diskriminaziorik ez egitea, ez teknologia mailan, ezta prezioan ere; herri txikienetako biztanle gehienek hiriguneetan bizi direnek dituzten baldintza berdinak izatea lortu nahi da".

Hori guztia lortzeko, "anbizioz jokatuko" duela aitortu du Lasak, eta lankide-tzara deitu ditu Udalak, bai kudeaketan eta baita finantzaketan ere; izan ere, gehitu du foru diputatuak, "konplexutasun tekniko, administratibo eta ekonomiko handiko egitasmoa baita. Horretan dihardute Aldundiak eta Udalek elkarlanean eta dagoeneko, banda zabal ultralasterra hedatzeko geratzen diren 40 herri ertain eta handietako askok baiezkoa eman dute", azaldu du.

Hurrengo pausoa herri bakoitzarekin egin beharreko inbertsio ekonomikoa antolatzen hastea izango da. "Egia da COVID-19ak eragin nabarmena ekarriko duela Udal askoren finantza egoeran, eta aurreikusita zeuden epeak beharbada mantsotu egingo direla, baina Aldundiak lehentasuna ematen dio proiektu honi, eta ahaleginari eusteko konpromisoarekin jarraitzen du", esan du.