alerta mundial por el coronavirus

Ikastolen aldeko jaiak udazkenean ospatuko dituzte, oraingoz

Gipuzkoako Kilometroak jaia urriaren 4an ospatzea aurreikusten dute, Amasa-Villabonan eta Zizurkilen

21.05.2020 | 01:25
Jende askok hartu zuen parte iaz Zarauzko Salbatore Mitxelena ikastolaren aldeko Kilometroak jaian.

donostia – Ikastolen udaberriko jaiak atzeratu egin dituzte eta aurten, Gipuzkoan, Kilometroak jaia udazkenean ospatuko da. Berdina gertatuko da Herri Urrats, Araba Euskaraz eta Ibilaldiarekin; izan ere, irailerako eta urrirako finkatu dituzten data berrietan ospatzea aurreikusten baitute antolatzaileek. Bestalde, aurten ez da Nafarroa Oinez egingo, datorren urtera atzeratu behar izan baitute.

Ikastolen Elkartearen eta ikastolen jaietako ordezkariek prentsaurreko telematiko baten bidez jakinarazi zituzten atzo jaien data berriak. Horrela, irailaren 20an, Herri Urrats ospatuko dute, Senperen. Urriaren 4an, Kilometroak jaia egingo dute Amasa-Villabonan eta Zizurkilen, eta amaitzeko, urriaren 18an bi jai ospatuko dituzte batera: Araba Euskaraz, Amurrion, eta Ibilaldia, Elorrion.

Dagoeneko data horiek finkatu badituzte ere, gerturatzen ari diren heinean aztertu beharko dute jaiak ospatzeko egoera egokia den une horretan. "Datak gerturatu ahala, ikusiko dugu aurrera egin dezakegun, edo atzera egin beharko dugun; baina, gaur-gaurkoz, determinazio osoa dugu jaiak ospa-tzeko", baieztatu zuen Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko lehendakariak.

Horrez gain, urriaren 18an Lizarran Nafarroa Oinez egitea aurreikusita zegoen baita ere. Baina Lizarrako ikastola eta Nafarroa Oinez fundazioa jabetu dira aurten ez direla "baldintza egokiak" betetzen jaia ospatzeko, eta datorren urtera atzeratu behar izan dute. "Kolpe la-tza da Nafarroako ikastolentzat eta bereziki Lizarra ikastolarentzat; baina orain arte egin dugun moduan, elkartasun ekimenak gure artean bultzatuz, aterako gara honetatik ere", nabarmendu zuen Elena Zabaleta Nafarroako Ikastolen Elkarteko presidenteak.

jai berrituak Ezohiko egoeran gaudenez, udazken honetako jaiak ez dira orain arte egin izan direnen modukoak izango. "Erabakiak har-tzea erraza ez den arren, gure jaiak berrasmatzen ari gara", azaldu zuen Josune Bañales Bizkaiko Ikastolen Elkarteko presidenteak.

Ondorioz, sormena landuz eta tokian tokikoari garrantzia emanez, ikastolen jai berrituak programatuko dituztela azaldu zuen Bañalesek: "Oraingoan ere ikastolok ahalegin berezi bat egiten ari gara egoera zail honetan gure onena atera eta gizarteari erantzun egoki bat emateko".

Une honetan festa jendetsuak egiteko aukerarik ez badago ere, Ikastolen Elkartea udazkenari begira jarri da eta aste hauetan zehar hainbat faktore aztertzen aritu ostean –logistikakoak edo osasun eta segurtasun prebentziozkoak, esaterako–, ordurako "agertoki desberdin batean" egongo garela uste dute. "Ez dugu etsi nahi, jai hauek ez direlako jai hutsak", adierazi zuen Tellituk.

Zentzu horretan, jai horien helburuak gogorarazi zituen eta, besteak beste, euskal kulturari "bost plaza handi" eskaintzen dizkiotela eta hainbat proiektu aurrera ateratzeko finantzaketa lortzen dutela nabarmendu zuen.

'tanta' txartelak Amaitzeko, Euskal Herriko ikastolen alde eta Euskal Herrirako hezkuntza sistema propio baten alde aurten atera dituzten Tanta txartelak erosten dituztenen artean egingo den 60.000 euroren zozketa eguna ere atzeratu egin dutela jakinarazi zuten.

Hasiera batean, ekainaren 25ean egin behar zuten zozketa; baina egoerak hala eraginda, urriaren 21ean egingo dute, notario aurrean. Beraz, Tanta txartelak eskuratu nahi izanez gero, oraindik eskuragarri daude.

data berriak

Kilometroak. Gipuzkoan ospatzen den Kilometroak jaia urtero urrian egiten dute eta aurten ere horrela izango da, urriaren 4an zehazki. Aurten Zubimusu ikastolak antolatuko du.

Araba Euskaraz. Araba Euskaraz ekainaren 14an ospatu behar zuten aurten, baina urriaren 18ra atzeratu dute. Amurrion ospatuko dute eta Aresketa ikastolak antolatuko du.

Ibilaldia. Ibilaldia maiatzaren 31n ospatu behar zuten aurten, baina urriaren 18ra atzeratu dute. Elorrion egingo dute eta Txintxirri ikastolak antolatuko du.

Nafarroa Oinez. Nafarroa Oinez ere urriaren 18an ospatu behar zuten Lizarran, baina horretarako baldintza egokiak betetzen ez direnez, hurrengo urtera atzeratu dute antolatzaileek.

Herri urrats. Herri Urrats maiatzaren 10ean ospatu behar zuten Senperen, baina azkenean irailaren 20an egingo dute. Iparraldeko Ikastolek antolatu dute aurtengo jaia.