alerta mundial por el coronavirus

HABEko proba guztiak Barakaldoko BECen egingo dira


16.05.2020 | 00:34
BECen egindako aurreko azterketa bat. Argazkia: Borja Guerrero

donostia – COVID-19ak eragindako krisiaren ondorioz gelditu ostean, HABEk Euskara-mailak egiaztatzeko prozesua berrabiatu du. Urrats honen bidez, Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundeak, euskaltegietako ikasleen premiei erantzuteaz gainera, epe laburrean martxan jarriko diren sektore publikoko eskaintzetan herritarrei aukerak zabaltzea da.

Aldaketa nagusia da proba guztiak Barakaldoko BECen egingo dituztela. Hori bai, jarduera-protokolo zehatzen arabera eta prebentzio batzorde batek gainbegiratuta egingo dira. Batzorde hori hurrengoek osatuko dute: HABEko ordezkari batek, Eusko Jaurlaritzako Osasun eta Prebentzio Zerbitzuetako ordezkari banak, BECeko ordezkari batek eta Bizkaiko Garraio Partzuergoko ordezkari batek.

Hiru euskara maila egiaztatuko dira: B2 (deialdi itxia, hots, euskaltegietako ikasleentzat), C1 (deialdi itxia eta deialdi irekia, azken hau nahi dutenentzat) eta C2 (deialdi itxia).

Gauzak horrela, deialdi irekiko idazmen eta irakurmen probak ekainaren 12an eta 13an egingo dira, eta mintzapen probak uztailaren 20an eta 21ean (lurralde bakoitzean). Deialdi itxiko probei dagokienez, konbalidatzen ez direnak ekainaren 15etik 18ra bitartean egingo dira, kasu guztietan BECen (egunak zehaztuko dira). Idazmen proba da egun horietan egin beharko dutena. Ulermenaren (ahozkoa zein idatzizkoa) eta mintzamenaren kasuan, euskaltegian egindako lanak konbalidatuko dizkiete ikasleei, ebaluazio-jarduerei balio egiaztatzailea aitortuz.

Halaber, A1, A2 eta B1 mailak ebaluazio jarraituaren bidez egiaztatuko dira euskaltegietan, beti bezala. Horrez gainera, unean uneko premiek hala eskatzekotan, ezarritako egutegia aldagarria izango da.

Matrikulak 14.000 pertsonak inguruk hartuko dute parte ekaineko probetan aurreikuspenen arabera: 3.500 lagun inguru B2 itxian, 4.500 lagun inguru C1 itxian, 5.500 lagun inguru C1 irekian eta 350 lagun inguru C2 itxian.

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian proba hauek deitzeko ebazpena argitaratuta dago dagoeneko, eta egutegi osoa HABEren webgunean zehaztuko dute datorren astelehenean.

C1 mailako deialdi irekian matrikulatzeko epea maiatzaren 18tik 24ra bitartekoa izango da. Euskaltegietako ikasleei zuzendutako lehen deialdian (B2, C1 eta C2) izena emateko epea, aldiz, maiatzaren 25etik 31ra bitartean egongo da irekita. Euskal Etxeetako ikasleek ere epe horretan eman beharko dute izena.

antolaketa Arestian aipatu bezala, pandemiaren ondorioz momentu honetan dagoen egoera dela eta, azterketa-deialdiak egiteko prebentzio-neurri zehatzak ezarri dira. Hartara, baldintzak betetzen dituen aztertoki batean burutuko dira azterketak: probak hiru lurraldeetan egin beharrean, Barakaldoko BECen egingo dira. Azterketariek antolatzaileek zehaztutako prebentzio-jarraibideak bete beharko dituzte, eta norberaren higienerako ezarritako neurriak ere bai; Euskal Etxeetako ikasleen kasuan, azterketak era telematikoan gauzatuko dira.

Deialdi itxietan euskaltegietan egindako ebaluazio-jarduera batzuk konbalidatuko dizkiete ikasleei