alerta mundial por el coronavirus

"Izugarri zailtzen ari da Santiago zubiaren egoera, izugarrizko auto-ilarak sortzen baitira"


14.05.2020 | 23:51
Pilaketa Behobiako mugan. Argazkia: Iker Azurmendi

donostia – COVID-19k eragindako larrialdi sanitarioaren ondorioz, Behobiako muga itxita dago martxoaren 16tik. Jose Antonio Santano eta Kotte Ecenarro, Irungo eta Hendaiako alkateek irekitzeko eskatu dute.

Komunikatu bateratuan alkate biek azaldu dutenez, "mugaren bi aldeetan hartutako deseskalatze neurriak kontuan izanik, pasabide hori itxita mantenduz, izugarri zailtzen ari dira Santiago zubiaren egoera, izugarrizko auto-ilarak sortzen baitira".

Adierazi dutenez, orain egun ba-tzuetara arte, konfinamendu neurriak zirela eta, Santiago zubiak "arazorik gabe bideratu du mugaz gaindiko trafikoa"; azken egunotan, ordea, "mugaren alde bietan deseskalatze fase berrietan sartzearekin batera, trafikoa nabarmen ugaritu egin da, eta horrek izugarri trabatzen du Santiagoko pasabidea".

"Jarduera ekonomikoa berreskuratu da, enpresa askotan aurrez aurreko lana, saltokiak bi aldeetan ireki dituzte eta ikastetxeak ere hasi dira eskolak ematen", zehaztu dute. "Bidasoaren alde bateko eta besteko herritarrek euren eguneroko bizitza mugaren bi aldeetan egitera ohituta daudenez, Santiagoko zubitik askoz jende gehiago dabil eta ilara luzeak sortzen dira".

Bi alkateek Frantziako eta Espainiako estatuei eskatu diete "jabetu daitezela mugaren inguruko errealitatearekin, eta keinu txikiak egin ditzatela pixkanaka; bereziki, mugako pasabide guztiak berriro ireki ditzatela, joan-etorriak errazteko eta sortzen ari diren ilarak saihesteko, bi hirietako bideak kolapsatzen baitituzte mugako pasabidetik haratago".

Irungo alkateak bere eskaera Denis Itxaso Espainiako Gobernuak Euskadin duen ordezkariari helarazteko konpromisoa hartu egin du, eta iparraldeko alkate hendaiarrak gauza bera egingo du Prefetarekin.

Horrez gain, bi alkateek koordinazio handiagoa eskatu diete muga ondoko udalerri horiei dagokien informazioa ematerako orduan: alde bateko eta besteko neurri murriztaileak zeintzuk diren argitu, edota muga zeharkatzeko eska daitekeen dokumentazioa zein den une bakoitzean.

Amaitzeko, bi udalerrietako jarduera ekonomikoarekin kezkatuta agertu izan dira; izan ere, zenbait kasutan, "merkataritza mugakidera bideratutako saltokiak eta guneak baitaude, eta bezeroen mugikortasunik ez badago, ireki-tzea, itxita egotea bezalakoxea izango baita".