- Ibilgailuen Azterketa Teknikoaren (IAT) baimena iraungi egin zaie milaka gidariei COVID-19 pandemiak ezarritako konfinamenduan. Zabaldu bezain pronto gainezka egin dute azterketarako gune hauek, eta nolabait normaltasunera itzuli nahian, bezeroak Internet bidezko aurretiazko hitzorduetara bideratzen ari dira.

Lau enpresen artean -TUV-Rheinland, Itasua, Itelink eta Applus- kudeatzen dituzte ibilgailuak ikuska-tzeko bederatzi zentroak: Gipuzkoan lau, Irun, Urnieta, Bergara eta Zarautz; Bizkaian beste lau, Zornotza, Trapagaran, Arrigorriaga eta Zamudio; eta Araban, Jundizekoa. Deseskalatzearen 1. fasean egonik, guztiek jaso zuten aurreko astelehenaz geroztik ateak zabaltzeko baimena, gehienek asteartean hastea erabaki arren.

Urnietako eta Irungo guneak izan ziren aitzindari eta astelehenean bertan altxatu zituzten pertsianak; Urnietan 36.000 dei jaso zituzten, Irunen berriz, 12.000.

"Baldintza hauetan ezinezkoa da eskaera guztiei erantzutea", azaldu du Alfonso Artola TUV-Rheinlandeko zuzendariak. Hala eta guztiz ere, "mundu guztia aintzat hartzeko" ahalegin handia egiten ari direla nabarmendu du; eta egoera behar bezala kudeatzeko modurik onena webgunearen bidez hitzordua eskatzea dela azpimarratu du.

Alarma-egoera ezarri zenetik bi hilabetez konfinatuta egon izanak eragindako egoera arindu egin nahi da ahalik eta egokien. Kontuan izan, irekita egon izan balira, bi instalazio horietan 25.000 ikuskapen inguru egingo zirela.

Antzerako kopurua eman dute Itasua enpresak Bergaran, Zarautzen eta Jundizen dituen instalazioetatik ere; baldintza normalean, itxialdi honek iraun duen garaian 30.000 bat ibilgailu aztertuko baitzituzten. Asteartean "normaltasunez" ireki zutena, baina "arazo batzuk sortu ziren", Itxaso Larrauri komunikazio arduradunaren hitzetan, "jende kopuru ikaragarria hasi zelako hitzordua eskatzen".

Larraurik aditzera eman duenez, "administrazioko langileak jo eta su aritu dira lanean, eta une jakin ba-tzuetan konturatu gara web orriari kosta egiten zitzaiola kargatzea, horretaz gain ez da inolako gorabeherarik izan".

Une honetan, gune guztiak "normaltasunez" ari dira lanean, nahiz eta IAT zentroetako bezeroek eta baita langileek ere egokitu egin behar izan duten osasun eta segurtasun protokoloek ezarritako errealitate berrira, bai eta birusaren hedapena saihesteko, ibilgailuen ikuskatze-prozeduran izandako aldaketetara ere.

Helburu horrekin, instalazioetan hesiak jarri dira administrazioko langileen eta bezeroen artean, eta harrera-guneetan edukiera mugatu egin da; ikuskapena egiterakoan, berriz, langilea ezin da auto barrura sartu eta bezeroak ezin du autotik irten.

"Ibilgailuen ehuneko oso txiki batean sartzea ezinbestekoa da, eskoletako ibilgailuetan esaterako, ez baitago ikuskapena egiteko beste modurik. Horrelakoetan, autobusa garbi-tzeko eta erantzukizunpeko adierazpen bat aurkezteko eskatzen diegu", azaldu digu Alfonso Artolak. Gainera, langileek maskarak, eskularruak eta, ikuskatzaileen kasuan, aurpegiko pantailak ere badituztela berretsi digu.

Eta jakina, bezeroek ere betebeharrak badituzte, Trapagarango Itelinkeko IATren erantzungailu automatikoak argi eta garbi zehazten duenez. Lehenik eta behin, hitzorduaren eskaera enpresaren webgunean egiteko eskatuko digu; eta ondoren, "zer nolako egoeran gauden kontuan izanik", ikuskapena egin ahal izateko betebeharreko baldintzak "kontuan hartzeko" eskatuko digu: besteak beste, aurretiko hitzordurik gabe ez joateko, musuko-maskara babeslea eramateko, eta ordainketak kreditu-txartelaz egiteko.