rrasateko Deba Hiribidean aurkitu dezakegu Amaia Albesen atelierra edo lantegia. Moda diseinatzailea da eta normalean ezkongaientzako soinekoak egiten ditu, norberaren neurrira. Aurten bost urte bete dira gaur egungo atelierra zabaldu zuenetik, baina bere ibilbidea luzeagoa da. Lehenago, hiru urte eta erdi eman zituen lanean alokatutako beste atelier batean eta etxetik ere ia bi urtez aritu zen goi joskintzan.

Koronabirusaren ondorioz ezarritako alarma egoerak ezkontzen denboraldi indartsuena hastear dela harrapatu du 30 urteko moda diseinatzailea. "Ezkontzen denboraldian gaude orain, nahiz eta iraila eta urria ere oso indartsuak izaten diren", azaldu dio egunkari honi Albesek.

Hilabete hauetarako eskaera asko zeuzkan agendan, baina egoerak hala eraginda, guztiak atzeratu zaizkio. "Egia da ia inork ez didala enkargua atzera bota. Badago norbait muturreko egoeraren bategatik eskaera bertan behera utzi behar izan duena; baina ezkontza ospakizun bat denez, familiarekin eta lagunekin ospatzea garrantzitsua izaten da eta gehienek beste data bat aukeratzea erabaki dute", adierazi du. Izan ere, gertutasuna funtsezko elementua izaten baita ezkontzetan: besarkadak, musuak eta bestelako maitasun keinuak saihetsezinak dira eta oraingo segurtasun neurriek ez dute horretarako aukerarik ematen.

Ospakizunen arloa "kate" moduko bat da moda diseinatzailearentzat. Sektoreko negozio guztiak ia bi hilabetez egon dira itxita eta ez dakite ezkontzak berriz ere noiz ospatu ahal izango diren. "Hasieran, abuztura atzeratu zituzten ezkontza asko eta orain ez dakigu orduan ere zer gertatuko den. Gehienek beste data bat edukitzea erabaki dute hurrengo urtera begira", azaldu du.

Normalean, ezkongaiekin hitzorduak ezkontza baino askoz ere lehenago edukitzen hasten da arrasatearra. "Ezkongai bakoitzarekin urtebetez aritu naiteke lanean, soinekoak eskatzen duen lanaren arabera. Beraz, agenda bete egiten da eta alarma egoera ezarri zutenean, hi-tzordu denak bertan behera geratu ziren", azpimarratu du.

Hala ere, autonomoa izanik eta atelierrean bera bakarrik egoteko baldintzarekin, lanera joaten jarraitzeko baimena eman zioten. Beraz, goizetan bertara joan da eta arratsaldetan bezeroekin telefonoz hitz egiteaz arduratu da. "Zorionez, lantokitik oso gertu bizi naiz eta konfinamenduan zehar soineko horiekin guztiekin lanean aritu naiz. Dena prest eduki behar izan dut berriro bezeroekin lanean hasteko", gehitu du.

Soinekoak neurrira egiten dituenez, konponketak beti egin daitezke. Zentzu horretan, Albes bere esku dagoen guztia egiten ari da bezeroak lasai egoteko. "Data asko aldatu egin dira eta ez da berdina neguan edo udan ezkontzea. Soinekoak neurrira egiteak jantziei horreko aldaketak egitea posible egiten du", nabarmendu du.

Ezkongaien-tzat soinekoak diseinatzeaz gain, zinema jaialdietarako jantziak, argazki saioak eta beste hainbat kolaborazio egiten ditu Albesek. Proiektu horiek guztiak ere atzeratu egin zaizkio eta ez daki noiz egin ahal izango diren berriz. "Egia esan, niretzat, autonomo gisa, gogorrena hilabete asko ezer fakturatu gabe egotea da. Egoera honen alderik txarrena da diru-laguntzak berandu heldu direla eta denok berdin gaudela uste dut", deitoratu du.

Koronabirusaren ondorioz egoera zaila bizitzea egokitu zaigu guztioi. Hala ere, Albesek guztia bere onera itzuliko dela uste du: "Asko ikasiko dugu honetatik eta aurrera egingo dugu", adierazi du. Ezkon-tzak ospatzera ere itzuliko gara. Inoiz baino gogo gehiagorekin.

Arrasate. Amaia Albes moda diseinatzaile arrasatearra da. 30 urte ditu eta aurten bost urte bete ditu bere gaur egungo atelierrak. Normalean ezkongaientzat soinekoak egiten ditu, norberaren neurrira.

Beste zerbitzuak. Argazki saioak, zinema jaialdietarako jantziak eta beste hainbat kolaborazio ere egiten ditu.

"Ezkontzen denboraldi hasieran gaude orain, nahiz eta iraila eta urria ere indartsuak izaten diren"

"Gehienek ezkontzeko beste data bat aukeratzea erabaki dute hurrengo urtera begira"

"Niretzat, autonomo gisa, gogorrena hilabete asko ezer fakturatu gabe egotea da"