- Herri Urrats ikastolen jaia gaur ospatu behar zuten, urtero bezala, Senpereko aintziraren inguruan. Koronabirusaren pandemiaren ondorioz bertan ospatzeko aukerarik ez dago aurten, baina Herri Hurratsek etxetik ospatzeko gonbitea luzatu die guztiei.

1984tik aurrera, maiatzeko bigarren igandean ospatu ohi da Herri Urrats eta ikastolentzat dirua biltzeko hainbat ekintza egiten dira: kontzertuak, ikuskizunak, tailerrak, jokoak, ipuin kontaketak... Euskal Herri osotik milaka pertsona joaten dira urtero jai hori ospatzera eta bide batez, euskarari eta euskal kulturari bultzada ematera.

Gaur, Herri Urrats etxetik ospatzeko moduko egitaraua prestatu dute antolatzaileek. Eguerdiko 12.00etan zuzeneko saio batean -Kanaldude izeneko Ipar Euskal Herriko euskarazko web telebistan- solasaldiak egingo dituzte Beñat Bidegain Herri Urratseko lehendakariak, Peio Jorajuria Seaskako lehendakariak eta Koldo Tellitu Euskal Herriko Ikastolen elkarteko lehendakariak.

12.45tik aurrera, Gaki Ge Herri Urrats bideoklipa Youtuben ikusgai jarriko dute. "Konfinamendua alaitu nahi dugu Diabilo Kiwi taldearen kantuarekin", azaldu du Herri Urratsek prentsa agiri batean.