- Zientziaren aurrerapenen historiari, polimero birziklatuei eta musikaren eta zientziaren arteko harremanari buruzko hiru lan saritu dituzte aurten, euskarazko dibulgazio zientifikoa eta teknologikoa sari-tzeko antolatzen diren CAF-Elhuyar sarietan.

COVID-19ren osasun krisia dela eta, aurten banaketa ekitaldirik ez antolatu arren, sariak erabaki dituzte eta irabazleek 2.000 euro eta Imanol Andonegiren eskultura jasoko dituzte.

Galder Gonzalez wikilariak dibulgazio orokorreko artikulu onenaren saria jaso du Lo eta argiaren abiadura artikuluarekin; bertan, zien-tziaren aurrerapenei buruzko ikuspegi historikoa eskaintzen du.

Egilearen doktore tesian oinarritutako dibulgazio artikulurik onena, Leire Sangroniz Kimikako doktorearen Polimero birziklatu aurreratuen garapena: plastiko-hondakinei bizi berri bat emanez lana izendatu dute.

Eta kazetaritza zientifikoari dagokionez, Josu Lopez Gazpio tolosarrak jaso du saria, Musikaren zientzia lanagatik.

Sarien epaimahaiak 2020ko edizio honetan eman gabe uztea erabaki ditu, batetik Neiker sari berezia, lehen sektoreari lotutako lanak saritzen dituena; eta bestetik, aurtengo urteari dagokion sortze beka ere, dagozkion 5.000 euroak gordeko direlarik.

Elhuyar Fundazioak esklusiboki ematen duen Merezimenduaren Saria, Ana Zubiaga EHUko genetikako katedradun eta ikertzaileari eman diote, “euskararen normalizazioan eta zientziaren sozializazioan egindako lanagatik”.