Aste hauetan irakurketa, pelikula eta serie desberdinak kontsumitu ditut. Alarma egoerak bultzatuta bertan agertu diren etxe guztietanfijatu naiz (obsesio bilakatu delarik) eta konparazio denetan galtzaile atera naiz. Barrenera begiratzeko itxialdiak, bizi ditugun arkitekturez jabetzeko balio izan digulakoan nago. Orain arte jende gutxi konturatuko zen ea nolako etxea duen, horien ezaugarrien inguruan galdetzeko aukera izan dugu, edota etxeko txoko berriak ezagutzekoa. Noizkoa da pitzadura hori? Zergatik da hain iluna gure etxea? Nola bizi izan naiz orain arte balkoirik gabe? Zer ezberdintasun dago 70eko hamarkadako etxeen edota orain dela hamar urte eraikitakoen artean?

Etxeak kartzela, penitentzia espazio, kiroldegi inprobisatu, musika areto, edota lantoki bilakatu dira. Youtuber, instagramer€ desberdinek euren egongela eta logelak aspaldi bihurtu zituzten lantegi. Praktika honek espazio publiko-pribatu dikotomia guztiz desitxuratzen du eta etorriko diren lan-ohitura berrien isla izan daiteke. Etorkizuneko etxeak tendentzia hau hartuko dutelakoan nago. TER youtuberrak bere etxetik arkitekturaz aspaldian hitz egin du, oso modu zuzen eta entretenigarrian publiko guztiari ulerkor eginik arkitektura moduko unibertso paralelo hau. Bere garaian Pablo Iglesiasen txalet berriaren inguruan saio bat jorratu zuen. Hori gogoraraziz, honako galdera hauek etorri zaizkit burura: nola ari dira bizitzen politikariak konfinamendua? Hobe esanda, zer nolako etxeetan pasa dute itxialdia? Etxe idilikoak izango dituzte? Nolakoak izan behar dira hauek?

ETXE IDEALA MARRAZTUZ Egin dezagun ariketa batera. Hartu paper bat eta marraz ezazu konfinamendurako zuretzat ideala izango litzatekeen etxea. Etxe idilikoa. Ziur nago, orokorrean, marraztutako etxe guztiek testu honen aldameneko proiektuetan ikus daitezkeen ezaugarriak izango dituztela.

Bat, isolatuta. Etxea bere bakardadean kokatzen da, inguruan mendi eta ibaiak dituelarik. Naturarekiko babesteko habitat-a da etxea eta hala ere berarekin erlazionatzeko beharra dugu. Oreka honen adibide dugu Behark estudioaren Zaratamo etxea. Ez da naturan bere bakardadean kokatzen, baina berarekin erlazioa planteatzen du, bizkarra ematen die inguruko eraikinei eta naturara zabaltzen da.

Bi, leiho handiak ditu irudikatutako eraikinak. Orain arte oharkabean pasa zaigu: zein garrantzitsuak diren egunerokotasunean. Leihoek argisarrera paregabea eskaintzen digute eta aldi berean tenperatura aldaketa handiak transmititzen dituzte, udan beroari lekua eginez eta neguan hotzari ongietorria emanez. Vaumm estudioaren MNGB etxebizitza leihate handiekin zabaltzen da kanpoaldera, argiari sarrera egiten diolarik eta barne-kanpo erlazioa gauzatzen du.

Hiru, balkoia. Hamarkadetan elementu sozializatzaile, arnasgune eta lan erreproduktiboaren eszenifikazio eremua izan da. Azken hamarkadetako legeek eta ohiturek dinamikak aldatu dituzte, nahiz eta egunotan sasi-polizia lana egiteko espazio gisa definitu daiteke. Orain arte etxebizitza gutxitan zen balkoia protagonista.

Lau, espazio handiak. Etxeko gelak espazio handiak eta moldagarriak izan behar dira. Horrela gure eginbehar desberdinak egiteko aukera izango dugu. Jajaus (beSTe arkitektura agentzia) etxebizitza esaterako adibide egokia da, hau ere naturan kokatzen da baina azken solairuan duen espazio moldagarria "oso guaya" da. Negutegi bat planteatzen da eta bertako espazio bakoitzaren beharretara molda daiteke.

Ariketa honetan txikitako marrazkietara bidaiatu duzulakoan nago. Zelako etxeak irudikatu ditugu umetatik? Zergatik marraztu izan ditugu horrela? Etxe idilikoaren irudikapena, eta honen bilaketa, arriskuz beteta dago eta egungo arazoei bizkarra emateko erantzun bat da. Txikitatik erakutsi digute habitat idilikoa bere bakardadean izan behar dela eta bizitzen ari garen egoerak beste behar bat azaleratu digu: komunitatea. Covid-19aren eraginez gure bizitzak aldatu dira eta bizitokien dinamikak aldatzen hasiak direnez, etxeak behar dugunaren arabera birpentsatzeko momentua iritsi da. Egunotan faltan botatzen dugun komunitatea etxebizitzetan txertatzea beharrezkoa da eta adibide anitz interesgarriak martxan daude gurean: Bizikoopon Gasteizen, etxebizitza autogestionatuak, Abaraska Donostian, Errenteriako lehen Etxebizitza Komunitarioa€ Hauek hasiak dira etxe idilikoaren jorraketan, faltan zaigun komunitatean oinarrituz.