alerta mundial por el coronavirus

8.000 epaiketa, bertan behera Euskadin

27.04.2020 | 00:27
Alarma-egoera hasi zenetik, Euskadiko Justizia Administrazioko langileetatik %7 inguru egon da jardunean, funtsezko zerbitzuetan. Argazkia: Oskar González

Juan Luis Ibarra EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko presidenteak epaitegietara langile gehiago joatea eskatu du, beti osasuna babesteko irizpideak bete badaitezke

Juan Luis Ibarra Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko presidenteak ohartarazi duenez, "euskal epaitegietan aurrez aurreko langileen % 20 ez badago, nekez" erantzun ahal izango dietela Gobernuak ezarritako zereginei alarma-egoerak irauten duen bitartean.

"Ez gaude kolapsoan", argitu du Ibarrak Efe albiste agentziari eskainitako elkarrizketa batean, baina "ezinbestekoa" da langile gehiago izatea Justizia Jauregietan, osasuna babesteko irizpideak eta norbanakoak babesteko ekipamendu egokiak eskura izanda, noski; bestela, gehiegi atzeratuko baita prozeduren ebazpena, dagoeneko 8.000 epaiketa bertan behera geratu direlarik.

Azaldu duenez, alarma-egoera hasi zenetik, Euskadiko Justizia Administrazioko 1.400 langileetatik % 7 inguru egon da jardunean, funtsezko zerbitzuak bere gain hartuz: besteak beste, erregistroak, guardiako epaitegiak eta emakumeen aurkako indarkeriako epaitegiak. Azpimarratu nahi izan duenez, pandemia garaian gutxienez bi bikote mortis artikulupean ezkondu omen dira, hau da, bi ezkongaietako bat hilzorian zegoela.

Kautelazko neurriak ere ezarri dira, esate baterako, EAEANeko Lan Arloko Salak hartu zuena, Eusko Jaurlaritzari aginduz ertzainei COVID-19aren testa egiteko, eta baita, presazkoak izanik atzeratu ezin ziren beste ebazpen batzuk ere.

Apirilaren 13an, Justizia Ministerioak epaitegien jarduera bizkor-tzeko agindu zuen; berrogeialdiaren aurretik egiteke zeuden gaiak erregistratu, organo judizialei helaraztea, bertan prozedurekin hasi eta izapidetzea.

Bilbon, hasi gabeko 1.903 demanda daude, hau da, prozeduran oraindik irekitzen hasi gabe; 4.795 bista bertan behera utzi dira, eta hauek, ahal denean berriro adierazi beharko dira, eta beste 7.862 idazki zain. Guztira, Autonomia Erkidegoko 14 barruti judizialetan, 5.000 auzi inguru daude hasi gabe, 17.000 idazki, eta 8.000 bista bertan behera geratu dira.

Gainera, gaurtik aurrera jarriko da martxan, premiazkoak ez diren eta funtsezko zerbitzuei buruzkoak ez diren idazkiak erregistratzeko aurretiazko hitzorduaren sistema; beraz, sartuko diren gaiak ugaritu egingo dira, eta horiei aurre egiteko langile nahikorik gabe, "arazoa areagotuz joango da", alegia, prozedurak ebazteko denbora luzatu egingo da.

Epaitegietako jarduna gehitzeaz gain, idazkiak modu telematikoan jaso ezin diren autonomia-erkidegoetan – Euskadin, kasu-, jasotzeko sistema bat gaitzeko ere agindu zuen Ministerioak. Horrela, gaurtik aurrera, abokatuek, prokuradoreek edota graduatu sozialek, hitzordua Internet bidez aukeratuko dute, eguna eta ordua aukeratu, eta bertara joan beharko dute dokumentuak uztera.

Ibarrak ulertzen omen ditu Justizia Sailak aurrez aurreko langileen kopurua handitzeko dituen oztopoak, bai eta koronabirusarekin ez kutsatzeko babes-elementuak egotea eskatzen duten erakunde sindikalen eskariak ere, besteak beste, eskularruak eta maskarak, lanpostuetara itzultzen direnen osasunerako eskubidea bermatu ahal izateko.

Baina argi utzi nahi izan du, "oreka ezegonkor hori konpontzeko gai ez bagara, eta langile gehiagoren premiari erantzuten ez badiogu", prozeduren ebazpena "moteltzen" joango dela.

"Aste batzuk eman ditzakegu sistema kolapsatu gabe, ez hilabeteak, ordea" eta "langile faltagatik egiten ez denak eragina izango du epaiketen ebazpen denboran", ohartarazi du.

Ibarrak adierazi duenez, orain arte Euskadin "sei hilabeteko epea onargarria izan zitekeen epaiketa egun bat zehazteko; sei hilabetetik urtebetera atzeratzen bazen oso erne egon behar izaten genuen, eta une horretatik aurrera, argi gorria piztu eta neurriak hartu behar izaten ziren".

COVID-19ren pandemiaren ondoren eta alarma-egoeraren dekretuaren ostean, "epe horiek aldatu egingo dira", izan ere, "epaiketa-eguna ezartze horiek ez baitira sei hilabete ingurukoak izango, urte betetik gertuagokoak baizik".

Gobernuak aste honetan ezarriko dituen neurrien arabera, bertan behera utzitako 8.000 epaiketak berriro finkatu beharko dituzte euskal epaitegiek, seguruenik arratsaldeko txandetan, eta alarma egoera altxatu ondoren adierazitakoei berriz, eutsiko egingo diete.

Pandemian, gutxienez

bi bikote mortis artikuluan ezkondu dira, alegia, ezkongaietako bat

hilzorian zegoela

Gaur jarriko da martxan premiazkoak ez diren idazkiak erregistratzeko aurretiazko hitzorduaren sistema