- Azoketan produktuak saltzen dituzten baserritarrei, produktuak merkaturatzen laguntzeko zerbitzu berri bat jarriko dute abian datorren astean Gipuzkoan Eusko Jaurlaritzak eta Foru Aldundiak. COVID-19ren aurrean, azoketako jarduera mantentzea da helburua, ekoizle zein bezeroen osasuna bermatuz. Bilketa hau Bizkaian eta Araban ere martxan jarriko dute aurrerago.

Koronabirusa kalte izugarria eragiten ari zaio lehen sektoreko zuzeneko salmentari. Izan ere, pandemiaren aurrean, salbuetsitako merkataritza-establezimenduetatik kanpo elikagaiak saltzea saihestea gomendatu du Osasun sailak. Baina hori betetzeak, azoketara produktuak eramaten dituzten baserritarrak saltzeko aukerarik utziko lituzke.

"Alternatiba berri bat" eskaini nahi diete Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak baserritarrei. Neurria larrialdi egoera bati aurre egiteko planteatu bada ere, aurrera begira "aukera" bihur daitekeela gaineratu dute, "banaketa kanal berriak irekiz".

Markel Olano diputatu nagusiak eta Arantxa Tapia saiburuak (telematikoki) parte hartu zuten atzo lehen sektorearekin (Enba eta Ehne sindikatuak, Abelur, GEBE Baso Elkartea, Gilbe Gipuzkoako Barazkigile Elkartea eta Urkaiko eta Kaiku kooperatiba) Donostian egindako lan bileran.

Martxoaren 16an elikadura balio kateko profesional guztiei koronabirusaren aurrean jarduteko protokoloa helarazi zien Jaurlaritzak eta laguntza lerro bereziak ere aurkeztu zizkien: batetik, elikadura sektorean soberakinak estaltzeko programa, sei milioi euroko laguntzarekin.

Imanol Lasa Landa Garapeneko diputatuak, berriz, aurreratu zuen Aldundiak lehen sektorea sustatzeko neurriak lehenetsiko dituela . "Egoera larri honek erakusten digu, besteak beste, zeinen garrantzitsua den kalitatezko elikagaiekin hornituko gaituen jarduerari eustea. Sekulako ekarpena egiten dio lehen sektoreak gizarteari", esan zuen Lasak.