- Atzerrian daudela 313 euskal herritar jarri dira harremanetan Eusko Jaurlaritzarekin itzultzeko arazoak dituztelako; horietatik 150 inguru itzuli dira dagoeneko, eta beste 50 atzo bidean jartzekoak ziren.

Marian Elorza Eusko Jaurlari-tzako Kanpo Harremanetarako idazkariak Onda Vasca irratian egindako elkarrizketan adierazi zuenez, atzo "gutxienez" 200 pertsona Euskal Herrira itzuli izana espero zen, baina, ziurrenik, gehiago ere sartuko dira zerrendan, "etengabe hazten ari baita".

Adierazi zuenez, ez dago inor gaixotasun larrirekin, gaixotasun kroniko batzuk izan ezik, eta horiei eman zaien premian zuten medikazioa.

Elorzak azaldu zuenez, 95 euskaldun inguru irten dira Kanarietatik, eta dagoeneko euren etxeetan daude.

Perun 69 pertsona omen daude Elorzak azaldu zuenez, eta atzo arratsaldean Andeetatik Madrilerako bidean zihoan hegazkin batek 32 euskal herritar ekarriko zituela aurreikusi zuten; atzerrian dagoen bigarren gune garrantzi-tsua Zeelanda Berria da, EAEko 30 bat lagun baitaude bertan.

Elorzak adierazi zuzenez, horietatik aparte "herrialde zerrenda luzea" dago, bost kontinenteetan barreiatuta dauden talde txikiagoekin; bidaiari gehienak turismoa egiten zenbiltzala harrapatuta geratu omen dira, baina ikasleak eta bekadunak ere badaudela azpimarratu zuen.

Egoera korapilatsuenak muga itxi duten herrialdeetan gertatzen ari dira, Perun edo Guatemalan, adibidez; kasu horietan, "Gobernuen arteko negoziaketa antolatu behar baita eta Estatu hegazkinak bidali" herritarrak geurera ekartzeko.

Horren inguruan, Europan erreskate mekanismo berri bat jarri da martxan, eta herrialde batek hegazkin bat antolatzen badu, EBko gainerako herrialdeetako herritarrentzat leku kopuru bat gordeko da.